Bi gazte atxilotu dituzte Getarian, belar-denda batean lapurreta egitea egotzita

Urola Kostako Hitza 2020ko ira. 11a, 18:09

Dirudienez, lekuko batek bi gizon belar-dendatik presaka irten eta auto batean ihes egiten ikusi ditu. Patruila batek ustez ihes egiteko erabilitako autoa eta bertan zihoazen bi gazteak identifikatu ditu handik gutxira.

Bart bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Getarian, belar-denda batean lapurreta egitea leporatuta. Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi du goizaldeko ordu biak aldera herritar baten abisua jaso dutela, ustezko lapurretaren berri emanaz. Dirudienez, lekukoak bi gizon belar-dendatik presaka irteten eta auto batean ihes egiten ikusi ditu. 

Patruila batek ustez lapurreta egin ondoren ihes egiteko erabilitako autoa eta bertan zihoazen bi gazteak identifikatu ditu handik gutxira. Horietako batek atea behartzeko erramintak eta establezimendutik lapurtutako txanponak eta billeteak zeramatzan, Ertzaintzaren arabera. Kutxa erregistratzailea inguruan aurkitu dute. Ertzaintzak polizia-etxera eraman ditu bi gazteak, dagozkion eginbideak egin, eta epailearen aurrera eramateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide