V. Bertso-Paper Musikatuez gozatzeko aukera egongo da gaur iluntzean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2020ko irailaren 11

Bista Onan egingo dute ekitaldia 19:45ean, eta edukiera mugatua izango duenez, gonbidapenak hantxe bertan hartu beharko dituzte ikusleek 17:30etik 19:30era bitartean. "Giro onean, katxondeoan egiten den saioa izaten da", Libe Goenaga bertsolariak azaldu duenez. Kantuan aritzeaz gain, berak eskainiko du zuzeneko musika ere aurtengoan.

Getariako Katrapona plazan egin ohi zuten aurreko urteetan Bertso-Paper Musikatu saioa herriko bertsolariekin, Alamedatik Habanerara Bertso Eskolak antolatuta. «Jende asko bildu izan da, txiringitoan zerbait hartu bitartean jarraitu izan du saioa ehunka lagunek, parte hartzen dugunak denok herritarrak garelako eta ez delako ezer profesionala, baizik giro onean, katxondeoan, egiten dena», Libe Goenaga bertsolariak azaldu duenez. Bertsoak abesteaz gain, musikari lanak ere egingo ditu gaur Goenagak.

Bosgarrengo honetan, berriz, aldaketa batzuk izango ditu, koronabirusa gurera iritsi zenetik ekitaldi gehienetan gertatu bezala. Batetik, Bista Onara lekualdatu dute ekitaldia, eta bestetik, edukiera mugatua edukiko du. Gonbidapenak han bertan jaso beharko dituzte herritarrek, saioa hasi aurreko bi orduetan, 17:30etik 19:30era. Euria balitz, berriz, Iturzaetako aretoan egingo lukete bertso saioa. «Tokia aldatuta, ez da horrenbeste jende egongo eta hain giro ona, serioagoa izango dela iruditzen zaigu», iritzi dio Goenagak.

Aldaketak aldaketa, gogoz taularatuko dira aurten ere bertsolariak: Ane Ezenarro, Nerea Kamio, Amets Aizpurua, Amagoia Iturralde, Danel Olano, Uxune Areizaga eta Goenaga bera. Azken horrek, lagunen kantua gitarraz laguntzeaz gain, bestelako instrumentuak ere erabiliko ditu entzuleen gozamenerako: «Trikitixa, pianoa eta harmonika ere joko ditut», azaldu du. Aurkezle lanetan, berriz, Ibon Iribar, Kortxo, ibiliko da.

Kantuak, aurten pdf-an

Bertso-sortak paperean inprimatu eta entzuleei banatu izan dizkiete beste urteetan, denek elkarrekin abestu ahal izateko. Aurten, berriz, pdf-ak sortu dituzte, eta horiek zabalduko dituzte, herritarrek sakelako telefonotik letrak irakurri ahal izateko.

«Bertsoetako batzuk geuk sortzen ditugu, beste batzuk bertsolari ezagunenak izaten dira, adibidez Maialen Lujanbiorenak edo Andoni Egañarenak». Goenagak ez du aurreratu nahi izan berak zer eskainiko dion publikoari, «sorpresa» izaten delako. Baina denetarik prestatu duela argitu du: «Batzuk animatuagoak, beste batzuk tristeagoak, ezagunak eta ezezagunak... denetarik egongo da».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide