Bizikletan eta gogoetan Sevillaraino

Aitziber Arzallus-Gipuzkoako Hitza 2020ko irailaren 11

Andaluziako Juntak eta Elkano Fundazioak antolatuta, "gogoetarako espedizio bat" atera zen asteazkenean Getariatik. Zazpi txirrindularik Sanlucar de Barramedarainoko (Espainia) bidea egingo dute datozen egunetan.

Abian da Elkano-Magallanes txirrindularitza espedizioa. Bost laguneko taldea asteazkenean irten zen Getariatik, eta, ondo bidean, Iberiar penintsula zeharkatu, eta hilaren 19an iritsiko da San Lucar de Barramedara ( Espainia). 11 etapatan, 1.605 kilometro egingo dituzte bizikletaz, Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako lurraldeetan (Espainia) barrena; Elkanok, Magallanesek eta haien kideek duela 500 urte egin zuten lehen mundu biraren historiaren parte izan ziren lurraldeetan, alegia. Elkano fundazioak eta Andaluziako Juntak elkarlanean garatutako egitasmoa da, eta Basquetourren, Getariako Udalaren eta Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako junten laguntza izan dute.

Ibilbidea bizikletaz egingo duten arren, ez da izango kirol espedizio bat, "gogoetarako espedizio bat" baizik, Ion Irurzun Elkano fundazioko zuzendari eta espediziokidearen hitzetan: "Fundazioaren helburuetako bat zera da: hausnarketa, gogoeta eta pentsamendu kritikoa bultzatzea, eta, horretarako, iruditzen zait baldintza egokiak sortu behar direla". Eta uste du bizikletak horretarako bidea ematen duela. "Iaz belaontziz egin genuen zeharkaldian, argi ikusi genuen hori. Itasoan, bakarrik eta kanpoko estimulurik gabe, gogoetara jotzen duzu, eta bizikletan ere, nire irudipena da, gauza bera gertatuko zaigula". Irurzunen ustetan, "kirola, sakrifizioa eta izerdia tartean daudenean, nahiz eta fisikoki astindua hartu, burua baretu egiten da, eta gogoeta egiteko testuinguru paregabea sortzen da".

Hain zuzen ere, horixe izango da Elkano fundazioaren zuzendariak izango duen zeregin nagusia espedizioak irauten duen bitartean: parte hartzaileak gogoetara bultzatzea. "Hasieran, talde kohesioa eta talde lana bultzatzeaz arduratuko naiz, parte hartzaileok ez baitugu elkar ezagutu ere egiten". Dena dela, ez du uste asko kostatuko zaienik, eta segituan "talde" izateko itxaropena du. "Izan ere, batzuk kafea hartzera joaten diren bezala, besteak bizikletan ibiltzera joaten dira kontu kontari aritzeko". Irurzunen esanetan, bizikleta "bitarteko aproposa" da harremanak sakontzeko.

Behin taldea eginda, gogoeta egiteko guneak sustatzea izango da Irurzunen lana. "Bizikleta gainean sortuko dira horretarako aukerak, baina geldialdiak ere baliatuko ditugu". Horretarako, hainbat dinamika prestatzeko asmoa du, badaudelako espedizioan bereziki jorratu nahi dituzten bost gai: 500 urte hauei begira jarrita, zirkumnabigazioak izan dituen ondorioak; itsasoaren eta planetaren iraunkortasuna; kultura aniztasuna; sakrifizioaren balioa, eta aldaketetara egokitzeko gaitasuna. "Taldekideek oso ondo dakite zertara doazen, eta badakite gai horietaz hitz egitera bultzatuko ditugula".

Ibilbideko hitzorduak

Ibilbidean, badituzte aurreikusitako hitzorduak ere. "Burgosen, esaterako, Giza Garapenaren Museoan, elkarrizketa informal bat aurreikusita daukagu; eta, beheraxeago, filosofo batekin elkartuko gara". Espediziokideen gogoetak aberastea da bidean izango dituzten ekarrizketa horien helburua. "Kontua ez da izango haiek guri egia biribilak kontatzea eta guk bete-betean irenstea; izan ere, guk landuko ditugun gaien inguruan edozeinek dauka zeresana, eta iritzi eta pentsaera guztiak dira balekoak".

Irurzunen arabera, "punta-puntako" taldea osatu dute espediziorako. "Begirada eta ikuspuntu anitzak dituen jendea elkartzea nahi nuen nik, bizipenak izan dituena, ekarpena egin dezaten, eta, zentzu horretan, lortu dugula uste dut". Irurzun beraz gain, beste bi euskal herritar ari dira espedizioan parte hartzen: bat, Josu Iztueta (Tolosa, 1957), bidaiari eta abenturazalea, eta Nairobitarra proiektuaren sustatzailea; eta bestea, Ana Zamorano (Sodupe, 1992), bidaiazalea, argazkilaria eta bideo dokumentalen egilea. Andaluziarren soslaia, berriz, "oso bestelakoa" da Irurzunen arabera. Bata, Emilio Martin, kirolari profesionala da, duatloian munduko txapeldun birritan izana; eta bestea, Nacho Dean, naturalista, esploratzailea, dibulgatzailea eta munduari bira oinez eman dion lehenbiziko pertsona.

Erreportaje osoa irakurtzeko, egin klik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide