Gaur goizean abiatu da Magallanes/Elkano espedizioa Getariatik. Sanlucar de Barrameda (Andaluzia, Espainia) herrirantz doaz une honetan Josu Iztueta, Nacho Dean, Ana Zamorano, Emilio Martin, Maria Pujol eta Jon Irutzun Elkano Fundazioko zuzendaria, bizikletaz. Irailaren 19an irisiko dira Sevillara txirrindulariak, 1.600 kilometroko ibilbidea burutu ostean.
Getariako udaletxe aurretik abiatu da espedizioa, eta hitzorduan izan dira Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Goyo Zurro, Andaluziako Juntako Turismo kontseilari eta lehendakariorde Juan Marin, Junta horretako Turismo idazkari nagusi Manuel Muñoz eta Getariako alkate eta Elkano Fundazioko buru Haritz Alberdi. Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntak elkarlanean antolatu dute ekimena, eta instituzio publikootako ordezkariak gustura eta harro agertu dira.
Gogoeta bultzatzeko
Alberdi alkateak bi ideia azpimarratu nahi izan ditu: aniztasuna eta elkarlana. Getariako alkatearen arabera, duela 500 urte egin zuten espedizioan ere bi ideia horiek bat egin zuten; "kultura eta hizkuntza desberdinak elkartu" zirelako, eta "komunitate desberdinen arteko lankidetza" izan zelako. Emaitza munduari buelta ematea izan zen eta, ideia horri tiraka, Alberdik nabarmendu du "ezinbestekoa" dela lankidetza, proiektuak aurrera atera ahal izateko.