Gaur hasi dute ikasturtea Getariako haurrek

Julen Imaz-Onintza Lete Arrieta 2020ko irailaren 8a

(Bideoan, Getariako haurrak eta Orioko Zaragueta Herri Eskolakoak. Horiek ere gaur abiatu dute ikasturtea)

Gaur abiatu dute 2020-2021 ikasturtea Getariako Iturzaeta Herri Eskolan, 254 ikaslerekin. "Sarrera bakarra dugunez, ordutegiak egokitu behar izan ditugu eta bilguneak ezarri, modu ordenatuan sartu ahal izateko", adierazi du gaur goizean Ane Zubia zuzendariak.

2 eta 12 urte arteko ikasleak dituzte Iturzaetan, eta aurrena, 09:00etan, Lehen Hezkuntzako ikasleak sartu dira barrura gelaka irakaslearen atzetik eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta. Haur Hezkuntzakoak, berriz, 09:15ean sartu dira. Irteeretarako ere antzeko sistema prestatu dute.

Gurasoek eskolako kanpoko ate handiaren kanpotik ikusi dituzte seme-alabak eskolara sartzen, baina txikienen guraso eta zaintzaileek ate ondoraino gerturatu ahal izan dute.

30 irakasle inguru edukiko ditu aurten Iturzaetak, eta jangela zerbitzua  bi txandetatik hirutara zabaldu behar izan dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako distantziak mantendu ahal izateko.

Haur Hezkuntzako gurasoekin bilerak egin dituzte ikastetxeko arduradunek azken egunetan, eta aste honetan egingo dituzte Lehen Hezkuntzakoekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide