Asteazkenean, hilaren 9an, abiatuko da Elkano-Magallanes txirrindularitza espedizioa Getariatik, Iberiar penintsula zeharkatu, eta hilaren 19an Sevillara (Andaluzia, Espainia) heltzeko helburuarekin. Euskadiko hasiera lekutik Andaluziako helmugaraino dauden 1.605 kilometroak egingo dituzte bizikletaz, duela 500 urte lehen zirkumnabigazioaren historiaren parte izan ziren Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako lurraldeak zeharkatuta.
Elkano Fundazioak eta Andaluziako Juntak elkarlanean garatu dute ekimena sustatzaileek Basquetourren eta Getariako Udalaren laguntza dute, eta Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako Juntek ere parte hartzen dute.
Espedizioan hartuko duten kideek lehen zirkumnabigazioarekin lotura duten gaur egungo gaiei buruz gogoeta egingo dutela iragarri dute ekimenaren sustatzaileek, "noiz eta aurten, COVID-19ak eragindako krisialdi ekonomiko, sozial eta sanitarioak inflexio-puntu bat sortu eta gure gizartea orain arte izan duen mundu-ikuskeraz hausnartzera behartzen duen honetan. Beraz, bizikleta-ibilaldi hau ere hainbat gairi buruzko gogoeta kolektiboa egiteko esparru berdingabe bat da: 500 urte hauetara begira jarrita zirkumnabigazioak izan dituen ondorioak; itsasoaren eta planetaren iraunkortasuna; kultura-aniztasuna; sakrifizioaren balioa; aldaketetara moldatzea.
Behin Andaluziako hiriburura iritsita, ekimena irailaren 18tik 20ra Sevillan izango den Gizarte Berrikuntzarako Nazioarteko I. Batzarrean aurkeztuko da. "Batzarrak oso begi onez hartu du proiektua, eta hala, ibilaldian zeharreko lanaren atariko ondorioak hantxe aurkeztuko dira, amaierako saioan". Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek aurreratu duenez, Fundazioak batzarra Gipuzkoara ekarri nahi luke 2022an.
Espedizioko taldekideak Josu Iztueta (Tolosa, 1957) abenturazalea; Nacho Dean (Malaga, 1980) naturalista eta esploratzailea; eta Ana Zamorano (Sodupe, 1992) bidaiazale, argazkilari eta bideo dokumentalen egilea dira. Haiekin batera joango da Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzun ere, "aztertu nahi diren gaiei buruzko gogoeta gerta dadin beharrezkoak diren espazioak sortzeko asmoz".
Ibilaldian aurrera egin ahala, zenbait etapatan, tokiko erkidegoko beste lagun batzuk gehituko zaizkio taldeari; eta gainera, hainbat lagun elkarrizketatuko dituzte, aztertu nahi diren gaiei buruzko beren bizipenak konta ditzaten, eta hala, prozesua aberastu.
Ibilaldiaren irteera ofiziala datorren asteazkenean izango da, irailak 9, 10:00etan, Getariako frontoian. Parte-hartzaileek egunean 100 kilometro egingo dituzte batez beste, eta irailaren 19an iritsiko dira Sevillara, pedalkadaz pedalkada herri hauek zeharkatuz: Zumaia, Itziar, Deba, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Erandio, Barakaldo, Bilbo eta Balmaseda, Euskadin; Valle de Mena, Espinosa de los Monteros, Burgos, Palentzia, Valladolid, Simancas, Tordesillas, Medina del Campo eta Ávila, Gaztela eta Leonen; Toledo, Talavera eta Viso del Marqués, Gaztela-Mantxan; eta Linares, Montoro, Kordoba, Palma del Río, Jerez de la Frontera, Cádiz, Sanlúcar de Barrameda eta Sevilla, Andaluzian.