Iturzaeta herri eskolako patioaren obrak abian dira azkenean. COVID-19aren ondorioz, prozedura administratibo guztiak eten ziren, eta horrek hiru bat hilabeteko atzerapena ekarri zuen aipatu proiektuan. Honen helburua da haurrek erabiltzen duten jolastokia guztiz eraberritzea. Horretarako eskolak proiektu bat landu zuen, Getariako Udalak onartu zuena. "Udaletik ezinbestekotzat jo dugu aldaketa hau kanpo espazioaren egoera oso txarra zelako eta gure herriko haurrentzat hain garrantzitsua den espazio horrek egoera ezinbestean ondo egon behar duela pentsatzen dugulako", jakitera eman du Haritz Alberdi alkateak.
Ekopasaia enpresari egokitu dizkiote lanak, 198.756,15 euroko aurrekontuarekin. Obren iraupena 4 hilabetekoa bada ere, zarata eta kamioien joan-etorri handiena haurrak eskolara bueltatu baino lehen egiten ari direla azaldu du alkateak. "Esleipena irabazi zuen enpresak exekuzio proiektu oso zehatza aurkeztu zuen obrak eskolan izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izateko; horrek puntu pila bat eman zizkion enpresa irabazleari". Udaletik astero egiten ari dira jarraipena obrari udal arkitektoa eta brigada buruaren eskutik.