Abuztuko etenaren ostean, Sahatsaga Kiroldegiak ateak irekiko ditu berriro irailaren 1ean, asteartearekin. Osasun krisia dela eta, arduradunek aldaketa batzuk egin dituzte kiroldegiko zerbitzuetan. Batetik, jende kopurua kontrolatu eta mugatuko da instalakuntzen eremu guztietan: gimnasioa 3 zatitan banatu dute, eta higiene eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte erabiltzaile guztiek. Gainera, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da kiroldegian, kirola praktikatzen ez den leku eta momentu guztietan.
Ikastaroei dagokionez, spinning saioak frontoian egingo dira, eta beste jarduerek ere izango dituzte moldaketak. Ikastaro batzuk irailaren 1ean hasiko diren arren, gehienei urrian emango diete hasiera. Jendea horietan parte hartzera animatzeko, iraila amaieran ate irekien jardunaldiak egingo dituzte.
Jakuzzia izango da itxita egongo den instalakuntza bakarra. Gainontzeko guztiek, aldaketekin bada ere, irekita jarraituko dute. Aldagelen erabilera murriztea eta kiroldegira etxetik toallatxoa eramatea gomendatu dute arduradunek, higiene arauak ahalik eta era zorrotzenean betetzeko.
Shatasaga kiroldegira deituta informazio gehiago lortu daiteke: 943140432