Gaurtik eskuragarri daude Bulegok ostiralean emango duen kontzerturako sarrerak

Iñigo Gaiton 2020ko abuztuaren 25a

Sahatsaga kiroldegiaren kanpoko pistan izango da emanaldia, 20:00etatik aurrera. Getariarrek lehentasuna izango dute gonbidapen txartelak eskuratzerako orduan, gaur arratsaldean hartuz gero.

Bulego musika taldeak kontzertua emango du Getarian ostiral honetan, iluntzeko zortzietatik aurrera. Emanaldiaz gozatu nahi dutenek, eskuragarri dituzte dagoeneko doako gonbidapen txartelak turismo bulegoan, haien ohiko ordutegian: asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30etara; igande eta jai egunetan 09:00etatik 14:00etara.

Pertsona bakoitzak hiru txartel hartzeko aukera izango du gehienez, eta txartelen jabeek izen abizenak eta telefonoa eman beharko dituzte erregistratu ahal izateko. Getariarrek lehentasuna izango dute txartelak hartzerako garaian, gaur arratsaldean hartuz gero. Bihartik aurrera, herriko biztanle ez direnei ere banatuko zaizkie gonbidapenak.

Antolakuntzak adierazi duenez, ikusleek emanaldia hasi baino 15 minutu lehenago aulkietan eserita egon beharko dute; hala izan ezean, ez zaie kontzertuko gunera sartzen utziko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide