Getariako 'Esperantza' uretara itzuli da

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 13a

Hamar egunez konfinatuta egon dira Getariako Arraun Elkarteko kideak arraunlari batek positibo eman ondoren koronabiruseko proban. Bigarren proban negatibo eman eta gero, Getariako arraunlariak lehen entrenamendua egin zuten atzo, itsasoan.

Klubean izandako positibo baten berri eman zuen arraun elkarteak pasa den aste hasieran, eta arraun elkartea osatzen zuten kide guztiek –arraunlariek, teknikoek zein zuzendaritzako kideek– konfinatuta egon behar izan dute hamar egunez. Aste honetan bertan egin diete bigarren PCR proba, eta bigarren proban positibo eman duen arraunlari batek izan ezik, gainontzeko guztiek negatibo eman dute. Hala, arraun elkarteak Esperantza trainerua berriro uretan jarri zuen atzo, datorren asteburuan Santanderren jokatuko diren estropadarako entrenatzeko. 

KAE 1 ligan ari da lehiatzen Getaria, eta behin arraunlari batek positibo eman zuenean, liga beraren protokoloari jarraituz, lehiaketatik kanpo geratu ziren. Hala, larunbatean Getarian eta igandean Getxon jokatu ziren estropadetan ezin izan zuen Esperantzak parte hartu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide