Getariako traineruko beste arraunlari batek ere positibo eman du

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 12a

Getariako arraunlari batek pasa den astean eman zuen positibo batengatik konfinatuta zegoen beste arraunlari batek positibo eman du bigarren proban. Negatibo eman dute gainontzeko arraunlariek, eta entrenamendua egingo dute gaur uretan, asteburuan Santanderren jokatuko diren estropadak prestatzeko.

Ez dira egun gozoak izan azken hauek Getariako Arraun Elkartea osatzen duten arraunlari, teknikari eta zuzendaritzako lagunentzat. Etxeetan konfinatuta egon dira pasa den aste hasieratik, klubeko arraunlari batek PCR proban positibo eman ondoren. Hori dela eta, Esperantza traineruak ezin izan du parte hartu aurreko asteburuan Getarian bertan, eta Getxon jokatutako KAE 1 ligako estropadetan. 

Aste honetan egin diete bigarren PCR proba konfinatuta zeuden lagun hauei guztiei, eta bigarren arraunlari batek positibo eman duela iragarri du klubak sare sozialen bidez. "Positiboa eman duen arraunlariak kenduta, beste guztiok negatibo eman dugu", adierazi du klubeko presidente Xabier Goikoetxeak. Hala, positibo eman duten bi arraunlariek izan ezik, beste guztiek entrenamendua izango dute gaur uretan, datorren asteburuan Santanderren jokatuko diren ligako estropadak prestatzeko. 

Egoera gogorra izan dela adierazi du klubeko presidenteak. Arraun elkarteko kide guztiak egon dira konfinatuta hamar egunez. "Neurri guztiak hartu ditzakezu, baina birus honetaz ez da inor libratzen", azaldu du. Denbora honetan entrenamenduekin jarraitu dute etxeetan ergometroen bidez, eta gaur izango dute uretara itzultzeko aukera. Normaltasunera itzultzeko gogoz daudela ere azaldu du Goikoetxeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide