Ostalaritzara bideratutako sentsibilizazio kanpaina egingo da bihar Getarian

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 5a

Dinamizatzaile talde batek erdigunea bisitatuko du 12:00etatik 14:00etara, indarrean dagoen osasun araudiaren inguruko azalpenak emateko.

COVID-19a eragin zuzena ari da izaten ostalaritzako sektorean. Horren jakitun, sentsibilizazio kanpaina egingo da bihar Getarian. Dinamizatzaile talde bat herriko erdigunean izango da eguerdi aldera, eta pandemia eteteko hartu behar diren neurri higieniko-sanitarioen berri emango du. Kanpaina hau Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.

Eguerdiko 12:00etatik ordu bietara bitartean izango dira dinamizatzaileak Getariako erdigunean, jende gehien pilatzen den lekuan, eta herritarrei, ostalariei eta hauen bezeroei indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko beharraren berri emango die. "Batez ere, musukoaren erabileran –ostalaritza eremuko kontsumo garaian, eta baita eremutik kanpo ere–; distantzia soziala bermatzeko irizpideetan; eskuetako garbitasunean; edota talde-kopuruan, hamarreko muga ez gainditzeko, jarriko du fokua", azaldu dute. Era berean, herritarren artean musukoak banatuko dituztela aurreratu dute.

Kanpaina adin tarte guztietara zabaldu nahi badute ere, gazteengana iristeko ahalegin berezia egingo dutela ere iragarri dute, "momentu honetan COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko kolektibo hori delako sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena".

Kanpaina Gipuzkoako beste herri batzuetan ere izan da, eta antolatzaileek azaldu dutenez, Zarautzen ere egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide