Gaur banatuko dira aste honetako ekitaldietako gonbidapenak, Getarian

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 4a

'Getarian, gozatu kultura' programako ekitaldiak izango dira herrian bihartik aurrera. Ekitaldi hauez gozatzeko gonbidapenak eskuratu beharko dira aurrez. Txartel hauek gaur arratsaldean banatuko dituzte.

Egunero izango dira ekitaldiak bihar hasi eta datorren astelehenera arte Getarian, gozatu kultura programaren barruan. Hala, bihar Kattalin Zubizarretaren kontzertua izango da Bista Onan (19:30ean), eta datozen egunotan Bandaren kontzertua, Broken Brothers Brass Band jazz taldearen emanaldia, edota Kafkaren aulkia bertso, musika eta olerki ikuskizuna izango dira, hurrenez hurren. 

Emanaldi hauetaz gozatzeko aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira. COVID-19 ez hedatzeko eta jende pilaketak ekiditeko hartutako neurrietako bat da. Gonbidapenak gaur bertan banatuko dira, 17:30etik 19:30era bitartean, herriko frontoian jarriko den karpa batean. Gonbidapenak doan dira, ostiral gauean Sahatsaga frontoian egingo den pilota jaialdirako sarrerak izan ezik. 

Sarrerak jasotzeko orduan getariarrek izango dute lehentasuna, eta gehienez hiru gonbidapen eskuratu ahal izango dituzte. Banatu gabe gonbidapenik geratzen bada, datozen egunotan izango dira eskuragai turismo bulegoan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide