"Pandemia egoeran, oso baldintza mugatuak ditugu, eta testuinguru horretan, erabaki dugu bertan behera uztea aurtengo Salbatore jaiak". Hala adierazi zuen Haritz Alberdi Getariako alkateak atzo emandako prentsaurrekoan. Udaleko beste alderdiarekin, EAJrekin, eta herriko eragileekin hitz egin ondoren egin zuen adierazpena. "Jendeari eskatzen diogu ez ospatzea jaiak, ez ditzala bultza, ez daukagulako baldintza egokirik jende pilaketetarako. Beste modu batera gozatu beharko dugu egun horietan", azpimarratu zuen.
Dena den, izango da ekitaldirik abuztuan Getarian. Ekaitz Esteban zinegotziak eman zuen horren berri. "Herritarrei zerbait eskaintze aldera, hilabete pasatxoko egitaraua prestatu dugu, Getaria, gozatu kultura izenburuarekin. Kultur arloko musikari, aktore eta gainontzekoak momentu oso gogorrak pasatzen ari dira, herritarrak ere festarik gabe utzi ditugu, eta horregatik osatu dugu egitarau hau". Xehetasunak eman zituen jarraian. Esaterako, jakinarazi zuen Eñaut Elorrietak konfinamendutik emango duen aurreneko kontzertua izango dela bere taldearekin. "Bakarka edo binaka eman du kontzerturik, baina ez boskote bezala".
Aurreko urteetan maiatzean hasten zen Salbatoreetako Pilota Txapelketa, eta jaietan ospatzen ziren finalak. Aurten ezin izan dute lehiaketa egin osasun krisiagatik, baina finalak egitea erabaki dute udalak eta Gure Txeruk, Estebanek jakinarazi zuenez.
Salbatoreak izan ohi diren egunetan ere egongo da zer ikusia herrian. Salbatore bezperan, egunean bertan eta Salbatore bigarrenean, hala, Musika Bandaren kontzertua, gizonezkoen pilota jaialdia, bertsoak nahiz musika eta antzerki emanaldiak egongo dira.
Beharbada ekitaldirik bereziena izango da Urritza aisialdi taldeak antolatu duena. Izan ere, "herriko umeekin ibilaldia egingo du baserriz baserri". Abuztuaren 29an izango da hori.
Eguraldi txarra egingo balu, Bista Onako eta Harritarteko ekitaldiak ikastetxera tokialdatuko lituzkete. Gainerako ekitaldiak, berriz, frontoi estalian egingo lituzkete.
Babes neurriak hartuta
"Esan beharrik ez dago, kontzertu guztiak eremu itxietan izango direla, kontrolatuta", azpimarratu du Estebanek. "Eserita eta maskara jantzita egon beharko dute ikusleek, distantziak mantendu beharko dituzte, sarrera duenak ordu laurden lehenago bertan egon beharko du... Gune guztiak egongo dira kontrolatuta ezer arrarorik gerta ez dadin". Ekitaldi guztietako sarrerak doan izango dira, baina aurrez eskuratu beharko dira gonbidapenak. Ordaindu beharreko bakarra Elorrietaren kontzertua izango da, bost euroan jarriko baitituzte salgai sarrera horiek.
Gonbidapenak Turismo Bulegoan eskuratu beharko dira, 17:30etik 19:30era. Uztailaren 28an, asteartea, jarriko dituzte aurreneko ekitaldietako gonbidapenak, hau da, Elorrietaren eta magoaren saioetakoak, eta pilota partidenak. Eta getariarrek edukiko dute lehentasuna. Bakoitzak gehienez hiru gonbidapen hartu ahalko ditu. Soberan gelditzen diren sarrerak erreserba bidez eskuratu ahalko dira, edo ekitaldien guneetan bertan, hasierako ordua baino pixka bat lehenago. Abuztuaren 4an banatuko dituzte hurrengo saioetarako gonbidapenak.
"Udalak apustu potentea egin duela uste dugu, kulturari bere balioa emateko eta festen faltan herritarrei aukera hauek emateko, baina egoeraren arabera, bertan behar geldi daitezke ekitaldiak, eta beraz, pausoz pauso joango gara", azaldu zuen zinegotziak. Horregatik, herritarrei ardura eskatu zien, ekitaldi amaieran jende pilaketarik egon ez dadin.
Edukierari dagokionez, gunearen araberakoa izango da hori. Esaterako, Balentziaga Museoan 250 lagunentzako tokia behintzat egongo dela esan zuen Estebanek. Bista Onan, 110 pertsona ingururentzako tokia egongo da. Elizan 220 ingururentzat, eta frontoian, berriz, pilota saioan 110 inguru, eta kontzertuan, 200 baino gehiago. Kiroldegi kanpoko pistan, azkenik, 300 lagun erraz sartzen direla azaldu zuten. "Ikusiko dugu aurreko ekitaldiak nola joaten diren, eta horren arabera joango gara edukierak moldatzen".
Boluntarioak lanean
Kultur ekitaldiez segurtasun neurri guztiekin gozatu ahal izateko, boluntario sarea lanean ariko dela ere esan zuen udalak. Hala, Balentziaga Museoan egingo den kontzertuan, esaterako, dozena bat boluntario ariko dira lanean. "Guneak oso kontrolatuta nahi ditugu eduki", esan zuen Estebanek.
Tabernek festetako ordutegirik ez
Bestalde, alkateak azaldu zuen tabernariekin hitz egin duela udalak, eta salbatoreetan ezingo dituztela tabernak bi ordu beranduago itxi, festetan ohi duten moduan. "Ordutegia mugatuta dute, 02:00etarako itxi behar dira, eta horrez gain, taberna bakoitzak bere neurriak hartu ditu: batzuek ez dute uzten zutik kontsumitzen, beste batzuek edukiera mugatu dute... Kalean ere ezin da kontsumitu, eta horrek bere horretan jarraituko du".
EGITARAUA
- Uztailak 31, ostirala. Eñaut Elorrieta eta bere taldea, Irteera Argiak, 22:30ean, Balentziaga Museoan.
- Abuztuak 2, igandea. Emakumeen pilota finala, 18:30ean, frontoian.
- Abuztuak 3, astelehena. Asier Kidam magoa, 19:30ean, Bista Onan. 5 urtetik gorakoei gomendatuta.
- Abuztuak 5, asteazkena. Kattalin abeslari getariarraren kontzertu akustikoa, 19:30ean, Bista Onan.
- Abuztuak 6, osteguna. Diana 09:30ean, Musika Bandaren kontzertua 12:30ean Harritarten, eta gizonezkoen pilota jaialdia, 17:30ean, frontoian.
- Abuztuak 7, ostirala. Ixabel eta Jaione Albenizen eskutik, Dantzipuinak ikuskizuna, 18:30ean, Bista Onan. 19:30ean, frontoian, Broken Brothers Brass Band.
- Abuztuak 8, larunbata. Estropadak: 11:00etan ETE liga, 12:00etan KAE1 liga (Getariako XI. Ikurrina) eta 18:30ean KAE2 liga.
- Abuztuak 9, igandea. Kafkaren aulkia bertso, musika eta olerki ikuskizuna, 20:00etan, Salbatore Deuna elizan.
- Abuztuak 18, asteartea. Musika Hamabostaldiko emanaldia, 20:30ean, Salbatore Deuna elizan.
- Abuztuak 23, igandea. Hezurbeltzak taldearen kontzertua, 20:00etan, Salbatore Deuna elizan.
- Abuztuak 28, ostirala. Bulego taldearen kontzertua, 20:00etan, Sahatsaga kiroldegiko kanpoko pistan.
- Abuztuak 29, larunbata. Ibilaldi neurtua, 09:00etan, Urritza Aisialdi Taldeak antolatuta.
- Irailak 20, igandea. Gazte Alaiak txistularien diana, 09:30ean. 20:00etan, berriz, V. Flysch Nazioarteko Organo Zikloko emanaldia, Salbatore Deuna elizan.
Egitarau honetan sartu ez arren, Salbatore Egunean urteroko meza nagusia egingo dela gogorarazi zuten prentsaurrekoan.