Musu-truk, eta ikusezin

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 23a

70 urte pasatxo dituzte Jose Manuel Etxabek eta Eugenio Camiok. Larunbata da. Ardurak banatu, eskabideak bete eta antzerako lanak, aurretiaz egin behar direnak, eginak dituzte ostiralerako. Larunbatean, eguna argitu eta pare bat ordura, Getariako Arraun Klubaren instalazioetan dira beste bi lagunekin. Dezente gazteagoak dira azken bi horiek, «indarra behar delako momentu batzuetan».

09:00ak dira eta motordun txalupan uretaratu dira lau lagunak. Balizak jarri behar dituzte, igandean goiz eta arratsaldez estropadak jokatuko direlako Getarian, KAE1, KAE2 eta ETE Ligakoak. Bikotetan banatuta, bikote batek kanpoaldeko balizak jartzeari ekin dio, eta beste biak barrualdekoez arduratuko dira. Elkarte bakoitzak «bere modua» du balizak jartzeko, eta, Getarian, «duela urte asko» lehorrean jarritako «erreferentzia puntuak» baliatzen dituzte balizak behar bezala jartzeko. Puntu horietan aingura bota eta pixka bat tenkatu «besterik ez da egin behar». 40 urte daramatzate balizak jartzen; ez zaie esperientziarik falta.

Gauzak ondo egin nahia

Egun luzea espero da Getarian. Igandea da, eguzkiak gogor jotzen du eta hondartza bete egingo dela aurreikustea ez da batere zaila; horrek esan nahi du itsasoan jende asko ibiliko dela, igerian ez bada, ontzian.

07:00etarako mugimendua dago arraun elkartean. Etxabek onartu du, urduritasuna tarteko, ez duela «lasai lo egin». «Baina hori betikoa da», gaineratu du. Estropadako emaitzak baino, estropadaren gauzapenak kezkatzen ditu antolakuntzarako bildu diren kideak.

Laguntzaile bila ibili dira aurten. Jendea behar da estropadak antolatzeko, balizak jartzeaz gain, arraunlarientzat guneak prestatu eta arranpla kontrolatzeko, beste kontu askoren artean. Aurten, gainera, COVID-19 gaixotasuna tarteko, inoiz baino lan handiagoa eskatzen du antolaketak: protokoloak zorrotz bete behar dira, distantziak, segurtasuna eta higienea zainduz.

Azkenean, ezagunetara jo dute laguntzaileak lortzeko unean; lagun zaharren bila. Arraun elkarteko zuzendaritzako kideez gain, garai batean arraunean aritutako jendea batu zaie taldera: «Urtean behin bada ere, esku bat botatzera».

«Zuek orain eta zuek gero»

ETE eta KAE2 mailako estropadak jokatu dira igande goizean; orotara, goizean bakarrik, 20 traineru pasatu dira klubetik. Lan franko izan dute guztia antolatzen, baina «ondo» irten dela eta, «pozik», kluba dagoen pabilioian geratu dira bazkaltzen.

Deskantsatzeko asti gehiegirik ez dute izan, izan ere, 15:30 pasatxoan hasi dira ailegatzen KAE1 Ligako hainbat traineru. Klubeko kafe makina zaharrari astindu ederra eman, kafe motz bana hartu eta lanera.

Goizetik gutxi gorabehera antolatuta dute gunea, hesi eta zintekin, eta gunearen ardura dutenak udaltzain lanak egiten hasi dira klubaren instalazioetan. Espiral moduko aldapatik jaitsi da Getariara ailegatzen lehena izan den taldea; hala egin behar dute, banan bana. Trainerua daramate erremolkean, eta beraien izena daraman tokian aparkatu behar dute. Guztia bertan deskargatu behar dute, beraien gunean; arraunlariek bertatik ezin dute irten, komunera joateko ez bada. Uretara joateko ordua iritsi bitarte, lehen beroketak egiten hasi dira, estatikoan.

Zorrotz bete behar dira segurtasun neurriak. Arraun taldeak ezin dira elkarrengandik gertu egon, ezin baitute kontakturik izan taldekoak ez direnekin. Hargatik du talde bakoitzak hesitutako gune bat. Komunak ahalik eta gutxien eta banan-bana erabili behar dituzte, eta, horregatik, ilara luzeak osatu dira. Bestetik, orain arte estropada jokatu eta bertan dutxatzeko aukera izaten bazuten ere, orain ez da halakorik eskaintzen; protokoloak ez duelako baimentzen halakorik eskaintzea.

Bakoitza bere orduan

«Lehen, bakoitza nahi zuenean sartzen zen uretara. Ilara egiten zela? Ba itxaron egiten zen». Uneotan, arranplaren ardura du Camiok; traineru bakoitza «bere orduan eta azkar» sartzen dela kontrolatu behar du, aglomerazioak ekiditeko.

Atzera, aurrera, ingurura eta erlojuari begira ari da segundoro. Inprimaki bat du eskuan, taula bat, talde bakoitzak noiz irten behar duen jakiteko. Guztia ez dago bere esku, berak ere badaki, baina urduri dago, puntualtasuna funtsezkoa delako kasu hauetan. «Eta 53 dira; laster behar du hemen Camargok».

Badator Camargo. Errepidean sartu da Camio; txilipitua falta zaio autoei alto emateko, baina kasu egin diote. Trainerua sorbaldan hartuta, Camargoko arraunlariek errepidea gurutzatu, arranplan behera egin, uretan sartu eta arraunak prestatu dituzte, diketik irten eta estropadarako prestatzen hasteko. Camiok erlojuari begiratu dio arraunlariek errepidea gurutzatu orduko. Hurrengo trainerua lau minutu barru etorriko da.

Estropadaren zaindari

«Basurto, gelditu ezak portutik irteten ari den kanoa hori!», esan dute mikrofonotik. Estropadak hasiak dira, diketik gertuen dagoen ziabogarantz doaz lau traineruak eta, han non, portutik, kanoa handi bat itsasorantz abiatzen den estropadak tutik ere axola gabe, abiadura nahiko handian. Urrun pasata ere, olatua egin eta eragin diezaieke traineruei.

Ander Basurto zuzendaritzako kidea motordun ontzi batean da ziabogetatik gertu. Bere ardura da portutik itsasora doazen ontziak geratzea; halaxe egin du. Antzera, baina beste aldean, Etxabe anaiak halako beste ontzi batean dira, itsasotik porturatu nahi duten ontziei jarraibideak ematen. Eguraldi ona medio, ontzi dezente daude itsasoan, yate, kanoa eta bela asko. Badute nahikoa lan horiek zaintzen. Dena den, gehiago zeuden goizeko estropadan.

Lehenago etorri da lehen ustekabea, estropada hasi bezain pronto. Lehen txanda hastean, lehorreko epailea ez dago gustura ikusten duenarekin: bigarren kaleko baliza apur bat mugituta dago. Walkie-talkiearekin pasa diete abisua motordun ontzian daudenei. Bigarren ziaboga emateko erabiliko da baliza hori, eta, beraz, traineruak kanporantz doazela aprobetxatuz, konpontzeko aukera dago. Hori bai, hamar minutu baino gutxiago dituzte traineruak bueltan etorri aurretik.

Soka luze bat hartu, baliza tenkatu eta konpondu dute. Ziztu bizian, gainera; traineruek luzearen erdia egin aurretik. Badirudi gustura geratu dela epailea, aurkakorik ez du-eta esan.

Larunbatean, berriz

Aurten, sei estropada jokatuko dira Getarian. Lehena uztailaren 19an izan zen, goiz eta arratsaldez, eta hurrengoa datorren larunbatean; goiz eta arratsaldez hori ere.

KAE1, KAE2 eta ETE Ligetako traineruek bost eremutan jokatuko dituzte denboraldiko estropada guztiak. Hala erabaki zuen federazioak, segurtasuna mantentzeko irizpideak bete ahal izateko. Horietako bat, Santander (Espainia), Castro (Espainia), Pasaia eta Getxorekin batera, Getaria da. Instalazio eta ekipamendu aldetik «toki aproposa» dela iritzi zuen arraun federazioak, eta erronka onartu zuen arraun elkarteak.

Beste urteren batean, ohiko testuinguruko denboraldi batean, estropada bakarra jokatuko litzateke Getarian. Aurten, baina, erreportaje honetan kontatutako antzerako egun gehiago biziko dira arraun klubean. Bost aldiz lan gehiagorekin, «baina gogoarekin». Bigarren hitzordua, larunbat honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide