Positibo berri bana Getarian eta Aizarnazabalen

Aiora LarraƱaga 2020ko uzt. 14a, 16:11

Eskualdeko hainbat udalek COVID-19az babesteko neurriak hartzeko eskatu diete herritarrei.

Ekainaren amaieran abiatu zen normaltasun berria, eta egunak aurrera joan ahala, COVID-19 kasu berriak agertzen ari dira han hemenka eskualdean. Aizarnazabalen positibo bat izan dela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Aian ere kasu bat atzeman dute, eta Getarian beste bi. Hala, gaur Getariako alkate Haritz Alberdik azaldu duenez, guztira, lau dira azken egunetan Getarian atzeman dituzten koronabirus kasu berriak. Kasu horiek Kale Nagusiko Politena tabernarekin lotura izan dezaketelakoan, uztailaren 9tik 12ra bitartean taberna horretan egon diren guztiekin jarri nahi du harremanetan Zaintza eta Kontrol Sareak. Getariako Udalak pertsona horiei eskatu die norbere herriko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko, baldin eta Urola Kostakoak badira. PCR proba egiteko aurretiko hitzordua emango diete. Getariako Sahatsaga kaleko Udal Kiroldegiaren barrualdean ezarriko duten karpan egingo dituzte proba horiek guztiak, bihar, 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara. Politena tabernan egon diren Urola Kostatik kanpoko pertsonei eskatu diete Osasun Aholkuaren telefonora deitzeko (900-20 30 50).

Getariako Udala kezkatuta dago egoerarekin, eta positibo gutxi horiek gainontzeko herritarrak kutsatu ez ditzaten, COVID-19a atzeman dieten herritarren jarraipena egiten ari da Osakidetza, jakiteko horiek zeinekin egon diren harremanetan. Herenegun, aurreneko kasuen berri izan zutenean, Udala Ulpiano Osasun Zentroarekin eta Osasun Sailarekin jarri zen harremanetan, eta protokoloa martxan ipini zutela azaldu zieten haiek: alde batetik, fokuaren hasiera identifikatzeko jarraipena egiten ari dira; eta, bestetik, pertsona horiekin harreman zuzena izan dutenei PCR proba egin diete osasun zentroan. "Kezka eragiten du halako egoerak, baina lasaitasuna eskatu nahi dugu. Jarraipena martxan dago, batzuk identifikatuta daude eta beste batzuk identifikatzen ari dira. Bestalde, ardura ere eskatu nahi dugu: maskarak erabiltzen jarrai dezala jendeak, eta distantziak mantentzen", azaldu du Alberdik. Kanpotik Getaria bisitatzera doazen turistei ere gauza bera eskatu die alkateak, neurriak errespetatzeko. "Hau guztion kontua da, gure burua zaindu behar dugu besteena ere zaintzeko", burutu du.

Babes neurriak

Positiboak pixkanaka agertzen ari badira ere, Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatzen ari dena ikusita, kezkatuta daude eskualdeko hainbat udal, eta herritarrei eskatu diete beharrezkoak diren babes neurriak hartzeko; hau da, maskara erabiltzeko, jende pilaketak saihesteko, distantzia soziala mantentzeko eta eskuak sarri garbitzeko, besteak beste. Gainera, datozen egunetan, COVID-19arengandik babesteko neurri berriak jakinaraziko dituzte.

Taberna itxita

Zarautzen itxi egin dute Tivoli taberna "prebentzioz". Sare sozialen bidez tabernak berak zabaldu duenez, langileetako baten familian "koronabirus kasu positiboren bat" topatu dutelako hartu dute erabakia. Jakitera eman dutenez, atzo egin zioten PCR proba langileari, eta gaur izango dute emaitzaren berri; orduan hartuko dituzte hartu beharreko neurriak.

Dena dela, aholkulariek esan diete egun hauetan taberna "arazorik gabe" zabaltzeko aukera izango luketela izatez, baina, ixtea erabaki dute, taberna espazio guztiz segurua dela bermatuta izan arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide