Getariako Udalak bi koronabirus kasuren berri eman du

Maria Maya Manterola 2020ko uztailaren 13a

Halako kasuetarako protokoloa martxan da dagoeneko. Fokoaren hasiera identifikatzeko jarraipena egingo dute, eta pertsona horiekin harreman zuzena izan dutenei PCR proba egingo diete.

Getariako Udalak jakinarazi du azken orduetan bi koronabirus kasu positiboren berri izan duela. Udala Ulpiano Osasun Zentroarekin eta Osasun Sailarekin jarri da harremanetan, eta protokoloa martxan ipini dutela azaldu diete: alde batetik, fokoaren hasiera identifikatzeko jarraipena egingo dute; bestetik, pertsona horiekin harreman zuzena izan dutenei PCR proba egingo diete osasun zentroan. 

Udalak adierazi nahi izan du kasu horien berri ez dutela Osasun Sailetik jaso, eta eskatu dute Getarian egon daitezkeen kasu positiboen berri zuzena emateko eta herritarren osasuna bermateko hartuko dituen neurriak jakinarazteko. "Herritarrei adierazi nahi diegu udala egoeraren jarraipena egiten ari dela eta Osasun Sailarekin, hartu beharreko erabakiak hartuko dituela. Herritarrei lasaitasuna eta babes neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen diegu", gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide