Jende pilaketak sortzen diren guneetan maskara janzteko eskatu dute Getarian

Aiora Larrañaga 2020ko uztailaren 8a

Getabat ostalarien elkarteak eta Babexa merkatari elkarteak bat egin dute udalaren deiarekin, eta herriko denda, taberna eta jatetxeetara joaten diren herritarrei maskara janzteko eskatuko diete.

Getariako Udala eta herriko eragileak kezkatuta daude COVID-19ak gizartean jarraitzen duelako eta badirelako behar diren babes neurriak hartzen ez dituzten herritarrak. Horregatik, elkar zaintzearen eta maskara janztearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute gaur eguerdiko prentsa agerraldian. "Mundu mailako pandemia sortzen ari den hainbat egoerei erantzuteko bakarrik gaude udalak, eta Getarian arazoa zaildu egiten da, herrira jende asko etortzen delako. Bisitariak puntu jakinetan pilatzen dira, Kale Nagusian eta Elkano kalean eta hondartzetan, batez ere. Hala, azpimarratu nahi dugu jende pilaketak sortzen diren tokietan maskara eramatea komenigarria dela", adierazi du Haritz Alberdi Getariako alkateak. Izan ere, argi utzi nahi izan du "arazoa larria" dela eta "okertu" egin daitekeela, gainera, azken egunetan Ordizian gertatu den bezala. "Horregatik, zaintzen ez bagara izurriaren olatu berri bat iritsi daitekeela jakinarazi nahi diegu herritarrei". 

Getabat ostalarien elkarteak eta Babexa merkatari elkarteak bat egin dute udalaren deiarekin, eta herriko denda, taberna eta jatetxeetara joaten direnei maskara janzteko eskatuko diete. Orain arte, bezeroek izan duten jarreraz galdetuta, denetarik dagoela uste dute ostalariek eta merkatariek. "Zenbait herritar gaiaz kontzientziatuta daude, baina, beste batzuk ez dira ohartzen egoeraren larritasunaz. Gu ere bakarrik gaude testuinguru berri honetan gure etxeak kudeatzen. Bezero batzuk arduratsu jokatzen dute, baina beste batzuei ez zaie batere inporta, eta mugak jartzen saiatzen garenean, erantzun harrigarriak jasotzen ditugu".

Egoerari aurre egiteko, irudimenari tiraka ari dira asko. Merkatari batek esaterako, adierazi du maskara erabili behar dela dioen kartela sarrerako atean zintzilik jarri duela, bezeroak dendara sartzen direnean kopetarekin jotzeko moduan. "Txantxa dirudi, baina sartu orduko kartelari begiratzen diote, eta badakite maskara jantzi behar dutela", azaldu du.

Asteburuan kontzientziazio kanpaina
Herritarrak egoeraz jabetzeko, aurreko asteburuan, Getariako Udalak informazio gunea jarri zuen Kale Nagusian, jendeari gogorarazteko Alde Zaharra jende pilaketa handiak sortzen diren gunea denez, maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela. "Hautetsiok herritarren eta bisitarien artean 700 maskara inguru banatu genituen, eta horiek janzteko eskatu genien bertatik pasatzen zirenei. Dena dela, ohartu ginen askok jantzita ez bazuten ere poltsikoan zeramatela. Horiei guztiei, maskara patrikatik atera eta jantzita eramateko eskatu nahi diegu, modu horretan elkar zaindu gaitezkeelako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide