COVID-19aren ondorioz hainbat proiektu bertan behera geratu badira ere, Malkorbe hondartzako bainu egokitu zerbitzua hobetzeko apustua egin dute Getarian. Gaur goizean aurkeztu dituzte berrikuntzak prentsa agerraldian, eta bertan izan dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Alex Garate Guretze Gorriko ordezkaria, Kutxabankeko Gizarte-Ekintza saileko ordezkari Itziar Igartua eta bainu egokitu zerbitzuaren erabiltzaile Iñaki Aranberri getariarra.
Hala, proiektuaren arduradunek azaldu dute testuinguru berrira egokitu dela zerbitzua. "Protokoloak aldatu behar izan ditugu, baina zerbitzuaren kalitatea okertu gabe. Horregatik, uda honetan, orduko bi bainu egokitu eskainiko ditugu, eta aldez aurretik hitzordua hartzea beharrezkoa izango da. Ordu erdiko bainua izango da, eta zerbitzu pertsonalizatua eskainiko dugu", azaldu du Garatek. Horrez gain, COVID-19arengandik babesteko, hainbat babes neurri hartu beharko dituzte erabiltzaileek eta bainu egokituan laguntza ematen duten sorosleek. "Egoerak bultzatuta, protokoloak oso ondo bete behar ditugu, eta zentzudunak izan behar dugu uneoro", berretsi dute arduradunek.
Bestalde, aurtengo udan elbarrien aparkalekua egokitzeko ahalegina ere egin dute. Hondartzako sarrera nagusiaren ondoan dagoen zabalgunean mugikortasun arazoak dituzten herritarrei egokitutako hamabi aparkaleku sortu dituzte. "Horregatik, mugikortasun arazoak dituzten Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko herritarrak Getariara etortzera animatu nahi ditugu, Malkorbe hondartzan bainu egokitua hartzeko aukera baitute", dei egin du Gurutze Gorriko arduradunak. Getariako alkatearen iritziz ere, "aurrera pausu" handia da ezintasunen bat duten herritarrei zuzendutako hamabi aparkaleku berri sortzea. "Sinesten dugu behar bereziak dituzten pertsonei, lehentasuna eman eta eskaintza berezia egin behar zaiela. Urteak damartzagu aparkalekua handitu ahal izateko lanean eta, azkenean, lortu dugu helburua".
Erabiltzaileak itsasoaz gozatzeko irrikaz
Bainu egokitu zerbitzuko erabiltzaileek Gurutze Gorrira deitu behar dute hitzordua hartzeko, 617 452 153 telefono zenbakira. Hala, agerraldian azpimarratu dute Malkorbe hondartzaren ezaugarriak oso egokiak direla bainu egokitu zerbitzua eskaintzeko. "Gainera, ingurua ere zoragarria da, eta hondartzaz eta itsasoaz gozatzera animatu nahi ditugu herritarrak", azaldu du Igartuak.
Hondartza denboraldiari hasiera emateko gogotsu daude zerbitzuko erabiltzaileak, eta Iñaki Aranberri getariarrak azaldu duenez, "segurtasun neurri zorrotzak betetzen direla ikusita, lasai" daude. "Eskerrak eman nahi dizkiet Gurutze Gorriari, Getariako Udalari eta proiektua babesten duten erakunde guztiei, bainu egokitu zerbitzuaren aldeko apustua egiteagatik".