Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa kostaldeko hainbat herritan izango da uda honetan. Gaur Getarian egin du geldialdia, eta bertan izango da astelehenera bitarte: hondakinak itsasoan isurtzea saihesteko, Zero Zabor Uretan kanpaina abiatu dute hainbat erakunde publikorekin batera, eta arazo horren inguruan herritarrek kontzientzia hartzea nahi dute kanpaina horren bitartez.
Getarian ontzi museoa bisitatzeko aukera egongo da astelehenera bitarte, doan. “Itsasoak gure egunerokotasunean duen garrantzia eta etxetik modu dinamikoan nola zaindu dezakegun azalduko da”. Aldez aurretik hitzordua hartu behar da. Kanpaina Hondarribian hasi dute aste honetan bertan, eta Getariatik Ondarroara jarraituko du Mater ontziak, uztailaren 7tik 9ra; gero Bermeon egongo da, uztailaren 10etik 12ra; Portugaleten uztailaren 13tik 15era; Bilbon uztailaren 16tik 18ra; Mutrikun uztailaren 19tik 20ra; eta Pasaian, azkenik, uztailaren 22tik 24ra.
Bestetik, portuan postu bat jarriko dute informazioa banatzeko. “Itsas hondakinen arazoari eta gure eguneroko bizimoduan plastikoak dituen alternatibei buruzko informazio erabilgarria erakutsiko da postuan”, zehaztu dute.
Azkenik, lehiaketa ere abiatu dute, #EKINZeroZaborUretan izenekoa. Sare sozialetan egingo da lehiaketa. Ideia “eraldatzaileak” proposatu beharko dira lehiaketan. Ideia onena proposatzen duenak lau pertsonentzako itsasora irteera irabaziko du Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan.
Portu bakoitzeko jarduerei eta lehiaketari buruzko informazio guztia www.zerozaboruretan.eus webgunean kontsulta daiteke.