'Mater' Ontzi Museo Ekoaktiboa Getariako portuan egongo da larunbatetik astelehenera

Onintza Lete Arrieta 2020ko uztailaren 3a

Itsasontzia kostaldeko hainbat herritara gerturatuko da, "itsas hondakinen arazoaz kontzientziatzeko eta herritarrak inplikatzeko horiek saihesten".

"Zaborrik hoberena, sortzen ez dena". Mezu horixe zabaldu nahi dute Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak eta erakunde publikoek, hondakinak itsasoan isurtzea saihesteko. Horregatik, Zero Zabor Uretan kanpaina abiatu dute, eta Mater itsasontzia kostaldeko hainbat portutan ibiliko da datozen egunetan, tartean Getariakoan. Hondarribitik iritsiko da Urola Kostako herri horretara, larunbat honetan. Astelehenera arte egongo da bertan, uztailaren 4tik 6ra, alegia.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azpimarratu duenez, "itsas plastikoen arazoak, itsasoari ez ezik, gure ekosistemei eta pertsonei ere eragiten die; izan ere, arraina jaten dugunean, mikroplastikoak ere jaten ditugu, lurrean egiten diren giza jarduerek eragindakoak. Eta, orain, inoiz baino gehiago, osasun protokoloen egungo egoeraren aurrean, ahalegin handiagoa egin behar da herritarren kontzientziazioa areagotzeko eta itsas hondakinen arazoa ez larriagotzeko ".

Kanpaina Hondarribian hasi dute aste honetan bertan, eta Getariatik Ondarroara jarraituko du Mater ontziak, uztailaren 7tik 9ra; gero Bermeon egongo da, uztailaren 10etik 12ra; Portugaleten uztailaren 13tik 15era; Bilbon uztailaren 16tik 18ra; Mutrikun uztailaren 19tik 20ra; eta Pasaian, azkenik, uztailaren 22tik 24ra.

"Inplikazioa sustatzeko" jarduerak

Antolatzaileek herritarren inplikazioa sustatu nahi dute kanpaina honekin, baita hondakinak saihesteko alternatibak eskaini ere, "gure esku dauden konponbideak ezagutzera emanez hondakinak itsasora iritsi ez daitezen".

Batetik, ontzi museoa bisitatzeko aukera egongo da, doan. "Itsasoak gure egunerokotasunean duen garrantzia eta etxetik modu dinamikoan nola zaindu dezakegun azalduko da". Aldez aurretik hitzordua hartu behar da.

Bestetik, portuan postu bat jarriko dute informazioa banatzeko. "Itsas hondakinen arazoari eta gure eguneroko bizimoduan plastikoak dituen alternatibei buruzko informazio erabilgarria erakutsiko da postuan", zehaztu dute.

Azkenik, lehiaketa ere abiatu dute, #EKINZeroZaborUretan izenekoa. Sare sozialetan egingo da lehiaketa. Ideia "eraldatzaileak" proposatu beharko dira lehiaketan. Ideia onena proposatzen duenak lau pertsonentzako itsasora irteera irabaziko du Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan.

Portu bakoitzeko jarduerei eta lehiaketari buruzko informazio guztia www.zerozaboruretan.eus webgunean kontsulta daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide