Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpainan murgilduta, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian, Getariako frontoian. Haritz Alberdi Getariako alkateak, Lore Martinez Gipuzkoako zerrendako laugarrenak eta Oihana Etxebarrieta zerrenda horretako zazpigarrenak parte hartu dute ekitaldian. Norabidea aldatzea beharrezkoa dela eta horretarako aukera bakarra EH Bildu dela nabarmendu dute politikariek.
Getariako alkateak hartu du lehenik hitza, eta hark nabarmendu du EH Bilduk —lehen beste izen batzuekin— hirugarren agintaldia duela Getariako Udalean. Gogoratu du duela bederatzi urte EAJren lekukoa hartu zuela indar horrek, eta espero du gauza bera gertatuko dela Eusko Legebiltzarrean. "Esperantza daukat Euskal Autonomia Erkidegoan ere aldaketa gauzatuko dela. Gu irabazteko jaio gara. EAEko hauteskundeak ere irabaziko ditugu, Getariako Udala irabazi genuen bezala".
Alberdik adierazi du 2020an beste mila gauza egin nahi zituztela, baina lehentasunak osasun larrialdian jarri behar izan dituztela. "Eta ondo ari gara", esan du. Azken krisi ekonomikoari aurre egin ziotela eta oraingoari ere hala egingo diotela azaldu du. Alkateak zehaztu du urteotan egin duten "lorpenik handiena" zera izan dela: bidea jendearekin eta eragileekin batera egin izana. "Getariarrak ondo ordezkatu ditugu". Gainera, herritarrak esker oneko agertu direla nabarmendu du: "Jendea zoriontzera hurbildu zaigu, eta hori altxor bat da".
Jarraian, Martinezek hartu du hitza. Hark nabarmendu duenez, koronabirusak gizarteko hainbat arlo kolpatu ditu: oasuna, hezkuntza, zaintza, elkarbizitza, euskara... Azken horretan jarri du arreta politikariak. "Euskararen presentzia galdu egin da espazio publikoan, leku garrantzitsuetan ez da presente egon. ETB1ek, esaterako, inoizko ikusle kopururik baxuena izan du azken boladan". Haren arabera, euskal herritarrak ezin dira euskaraz bizi espazio publikoan nahiz pribatuan. "Euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatu behar luke demokraziak, baina ez du bermatzen". Horri lotuta, administazioa euskaldundu, Euskararen Legea eguneratu eta hizkuntza politika berria diseinatu behar direla azpimarratu du. Horrez gain, Martinezek adierazi du kultur esparruan "prekarietatea eta ezegonkortasuna" handitu direla, eta horri aurre egiteko plan bat proposatuko dutela.
Aldaketarako deia
Etxebarrietak, ipuin bat abiapuntu hartuta, "errelato bakarrak duen arriskua" izan du hizpide. "Beti errelato bera entzuten badugu, ezin dugu sinestu hori alda daitekeenik", esan du, EAJren ereduari erreferentzia eginez. Haren arabera, EAJrentzat "ondo" bizi da jendea, baina herritarrak "askotarikoak eta anitzak" dira, haien beharrak bezala. Besteak beste, indarkeria matxista jasaten dutenak, doako zaintzan aritzen diren emakumeak, kartzeletan edo ihes eginda daudenak, pandemiak eraman dituenak, lan istripuetan hil direnak eta itxialdian beharrezko lanetan aritu direnak izan ditu gogoan. "Horiek guztiek osatzen dute gure herria", esan du.
Ezohiko egoera honetan, txaloak "politika publiko" bihurtu behar direla gaineratu du Etxebarrietak. "Ez dugu osasun eta hezkuntza murrizketarik onartuko". EH Bilduk "herri aske, independente, feminista eta zoriontsua" nahi dituela azaldu du, eta horretarako hainbat neurri hartuko dituztela esan du: diruaren banaketa justua, larrialdi klimatikoa gelditzeko plana eta indarkeriaren aurkakao ituna aipatu ditu, besteak beste. Uztailaren 12ko hauteskundeetan bi aukera daudela azaldu du: orain arte bezala jarraitzea edo pertsonak erdigunean jarri eta aldatzea. Etxebarrietak aldaketaren aldeko deia egin du. "Getarian ondo dakizue zer den gauzak beste modu batera egitea".
Hona hemen ekitaldiko argazkiak: