Dena prest dute gaur iluntzerako Getariako Balentziaga kalean

Onintza Lete Arrieta 2020ko ekainaren 23a

Sanjoanak gogotik ospatu ohi dituzte kale horretako bizilagunek, eta aurten ere moldatu dira festa giroa egon dadin: gaur balkoietan piztuko dituzte suak, baita danborrak jo ere; bihar, txistorra egongo da dendetan, eta bertso saioa eskainiko dute kalean, 100 lagunentzat.

Aurtengoa berezia bezain polita izango da. Horixe jarri dute Getarian sanjoanetarako atera duten programazioko lehendabiziko orrian. Balentziaga kaleko jaiak bizi-biziak izan ohi dira, baina aurten, beste herri eta auzo guztietan nola, han ere normaltasun berrira egokitu behar izan dituzte festak.

Gaur eta bihar egingo dituzte sanjoanak, eta horiek balkoietan ospatzera deitu dute jai batzordekoek. Beste zenbait herritan bezala, Getarian ere balkoian kandela bat piztera animatu dute gaur, San Joan bezpera, sua irudikatzeko. Aurrez, ordea, suziria botako dute, 20:30ean. Gero, pregoia irakurriko dute festa batzordeko kideek, eta bertsoak botako ditu Amets Aizpuruak.

Beste urteetan, San Joan sua piztu aurretik, danborrada egin izan dute Balentziaga kalean eta ingurukoetan, eta aurten ere gogoratu nahi izan dute ekintza herrikoi hori. Hala, bakoitzak bere etxean joko du danborra.

Txistorra saltokietan
Bihar, berriz, txistorra banatuko dute dendetan, keinu eginez herriko merkataritza sustatzeko udalak abiatutako #Helduestatxa! kanpainari.

12:00etan jaurtiko dute suziria, eta ordubetez musika alaia eskainiko dute balkoietan. Iluntzean egingo dute kaleko ekintza bakarra, Balentziaga kalean bertan: bertso saioa. Herrikoak izango dira protagonista: Danel Olano, Libe Goenaga, Amets Aizpurua eta Aitor Salegi. Gai jartzen Ane Ezenarro eta Uxune Areizaga ariko dira. Gehienez 100 lagunek jarraitu ahalko dute saioa bertatik bertara, eta derrigorra izango da maskara erabiltzea. Saiorako gonbidapena Merke supermerkatuan hartu behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide