Egoera berrira moldatutako udalekuak antolatu dituzte Getarian

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 15a

COVID-19aren ondorioz, aurten ez dituzte ohiko udalekuak izango Getarian. Egoera berrira moldatutako udalekuetan parte hartu ahal izango dute Getariako haurrek, eta Urritza Aisialdi Elkarteak gidatuko ditu.

Gaitzak eragindako egoera berrira moldatu behar izan dituzte hainbat herritako udalekuak, eta Getarian ere hala izango da. Herri askotan bertan behera utzi dituzte udalekuak, baina Getarian ekimena mantentzeko apustua egin dute. Hori bai, aurtengoak "desberdinak" izango direla iragarri du Urritza Aisialdi Elkarteko antolatzaileek, eta ekintzak egoerara egokituko dituztela nabarmendu dute. 

Getariako udaleku irekiak uztailean egingo dira, hilaren 1etik 31ra bitartean, eta HH3tik LH5erako adin tartean dauden haurrek parte hartuko dute. Aurtengo egoera aztertuta, Txiki Txoko aurrera ez ateratzea erabaki dute. Parte hartu nahi duten haurrek galdetegi bat bete behar izan dute. Galdetegia betetzeko epea pasa den ostiralean amaitu zen.

Izena ematerako orduan lehentasun batzuk zehaztu dituzte. Hala, Getarian erroldatutako haurrek lehentasuna izango dute. Horrez gain, hilabete osorako apuntatu behar izan dute, eta beharrezkoa da uztaileko hilabetean bi gurasoak lanean egotea. Beste haurren artean zozketa egingo dutela erabaki dute. 

Koronabirusak behartutako egoeragatik, taldeak txikiagoak izango dira, begirale bakoitza sei haurren kargu egingo da eta talde txikitan banatuko dira Getariako kale eta txokoetan zehar. Ordutegiari dagokionez, talde bakoitzak bere elkartzeko eta jasotzeko lekua izango du eta ordutegi tartea zabalduko da jende pilaketak ekiditzeko: goizeko 9:30 eta 9:45 artean hasiko dituzte jarduerak, eta eguerdiko 13:00 eta 13:15 artean amaitu. Une guztietan segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuko dituela ziurtatu du Urritz Aisialdi Elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide