Azken asteotan hondartza denboraldiko kudeaketa plangintza garatzen aritu da Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean. Dagoeneko eman dute hartuko dituzten neurrien berri: Malkorben eta Gaztetapen edukiera muga ezarriko dute, sarrera-irteerak ezarri, eta higiene eta segurtasun neurri guztiak errespetatu. Getariako Udalak azpimarratu nahi izan du Getarian hondartza "irekien eta seguruen" aldeko apustua egin dutela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko aholkulariekin batera adostu dute bi hondartzetako edukiera. Malkorbe hondartza erdibitu egingo dute edukiera kontrolatzeko: itsasoari begira ezkerreko aldean, A aldean, 802 pertsona sartu ahal izango dira, eta B aldean, eskuinean, 728. Gaztetapen, berriz, 500 pertsona egon ahal izango dira gehienez ere. Getariako Udalak jakinarazi du edukiera mugak itsasgoran neurtu dituztela.
Aldundiak eta AZTIk elkarlanean garatutako aplikazioak jakinaraziko du hondartza bakoitzeko eremuetako edukiera. Bideokameraz kontrolatuko dute, eta aplikazioak jakinaraziko die herritarrei hondartza bakoitzeko eremuen uneko edukiera maila.
Semaforo baten gisan funtzionatuko du aplikazioak: hondartzako edukiera gainditzen denean, gorriz agertuko da, eta udaltzainek itxi egingo dute gune horretako sarrera, semaforoa berdez agertu arte. Hondartza barruan bi metroko tartea mantentzea derrigorrezkoa izango da; hala ere, 15 pertsona arteko taldeak elkarrekin egon ahal izango dira. Hondartzaren antolamenduen ardura udaltzainak, udaltzain laguntzailea eta sorosleak izango dute.
Uztailetik aurrera
Aipatutako kudeaketa plana uztailaren 1etik irailaren 13ra bitarte izango da indarrean. Getariako Udalak, ordea, jakinarazi du ekainaren 15etik aurrera emango zaiola hasiera hondartza denboraldiari, eta bi aste horietan Dinycon enpresak izango duela edukiera kontrolatzeko ardura.
Bestelako zerbitzuak
Hondartzetako dutxak zabalik izango dira, beti ere, segurtasun distantziak bermatuta. Komunak ere zabalduko dituzte, 10:00etatik 19:00ak arte. Hiru orduero desinfektatuko dituzte, eta gel hidroalkoholikoz hornituko dituzte.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren panel informatiboak ipiniko dituzte hondartzako sarrera-irteeretan eta barruan. Hondakinen edukiontziak, berriz, sarrera-irteeretan soilik izango dira.
Getariako Udalak herritarrei dei egin die ezarritako neurriak bete eta arduradunen lana errespetatzeko, "herriko hondartzetaz modu arduratsu eta osasuntsuan gozatzeko".
Bestetik, Haritz Alberdi Getariako alkateak jakinarazi du hondartza denboraldiaren kostuak 4.000 euro baino gehiago igo direla aurten, prebentzio neurriak gordetzeko materialaren erosketen eta hondartzen antolamenduaz arduratuko den udaltzain laguntzailearen kontratazioaren ondorioz.
Hondartza denboraldia
Inbertsioak
Pertsonala. 101.041,59 euro
Itsasorako materiala. 1.128,14 euro
Osasun materiala. 14.712,36 euro
Komunikazio materiala. 542,34 euro
Bestelako gastuak. 5.453,48 euro
GUZTIRA. 138.169,49 euro