Uda denboraldian herriko 180 aparkaleku egoiliarrei gordetzea erabaki du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2020ko ekainaren 9a

Ekainaren 15etik irailaren 13ra arte herrikoentzat izango dira Sahatsaga Goiko aparkalekua, Herrerieta kaleko Krixketaneko pasabide guztia, Balentziaga kalea eta Potzuaga kalea, udalak jakinarazi duenez.

Uda denboraldia hastear da, eta Getariako Udalak erabaki du herriko 180 aparkaleku egoiliarrei gordetzea hiru hilabetez: ekainaren 15ean hasi, eta irailaren 13ra arte. Horiek herriko hainbat eremutan banatu dituzte. Hauek dira gune zehatzak: Sahatsaga Goiko aparkalekua, Herrerieta kaleko Krixketaneko pasabide guztia, Balentziaga kalea eta Potzuaga kalea.

Azaldu dutenez, herritarrek gainontzeko eremuetan ere aparkatu ahal izango dute. Udalak seinaleak ipini eta moldaketak egingo ditu aurrena, eta irailaren erdira arte egongo da indarrean. Udaltzainak arduratuko dira neurria kudeatzeaz.

Moilako aparkalekuari dagokionez, urtero bezala 11 langile kontratatu ditu udalak portuko aparkalekua kudeatzeko; horrez gain, Kirol Portuaren aurreko zabalgunean aparkatzean, bisitariek 4 orduko muga izango dute aurrerantzean; herritarrek, aldiz, ez dute ordu-mugarik izango. Bestalde, Artzapeko aldaparen amaieran dagoen lurpeko hondakin-gunea kendu egingo da, eta espazio hori zamalanetarako erabili ahal izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide