'Miñan' liburua izango dute mintzagai asteazkenean

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 1a

Ibrahima Balderen bizitza kontatzen duten liburuaz ariko dira solasean Katukale irakurle taldean, online antolatutako saioan. Libururaren egileetako bat, Amets Arzallus, izango da solaskideen artean.

Getariako ELAN Euskadi GKEaren eta Katukale irakurle taldearen artean online solasaldia antolatu dute ekainaren 3rako, asteazkenerako. Arratsaldeko 18:30etan Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Miñan eleberria izango dute mintzagai, eta bertan izango da Arzallus, bi egileetako bat. Solasaldia entzun eta parte hartu nahi izanez gero nahikoa izango da esandako egun eta orduan lotura honetan klik egitea: https://meet.jit.si/MI%C3%91AN . Saioa Uxue Alberdi idazleak dinamizatuko du.

Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da Miñan nobela, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Hala irakur daiteke kontrazalean: "Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide