Maiatzaren 26ko udalbatzarreko gai zerrendan urjentziaz sartzeko eskaera egin zuen Getariako EAJren udal taldeak, udalbatzarrean bertan herritarrak eta ehun ekonomikoa laguntzeko neurriak eztabaidatu eta adosteko. EAJren arabera, koalizioak ezezko erantzuna eman ondoren, plenotik alde egitea erabaki zuten.
EAJk azaldu duenez, hilabete igaro da koronabirusak herrian eragindako kaltea arintzeko enpresa txiki, autonomo eta langileei laguntzeko neurriak proposatu zituztenetik, baina orain arte ez dute erantzunik jaso. Horrez gain, EAJk adierazi du ezin dela denbora galdu "inaugurazioetan, ekitaldietan eta itxurakierietan", eta herriak "erantzun bateratu eta ona" behar duela. Gainera, jeltzaleek salatu dute udalak alor ekonomikoan ez duela neurririk hartu: "Are larriagoa da, jakitun izanda sektoreak herri ekonomikoan duen garrantzia eta ikusita pandemiak zer nolako eragin handia izan duen enpleguan. Getariako ekonomia suspertzeko beharrezko neurriak eztabaidatu eta onartu arte lanean gogor jarraituko dugu bide guztiak amaitu arte, Getariako sektore ekonomikoentzako eta bertatik bizi diren herritarrentzako beharrezko baita laguntza. Herriak behar du udal inplikatu bat, herriaren beharrei erantzungo diena; herritarrekin kontaktu zuzena duen instituzioa da udala, eta gure herritarren ongizaterako zuzenki eta azkartasunez erantzun behar diegu COVID19aren efektuei".
Adosteko aukerarik ez
Udal gobernuak, bere aldetik, azaldu nahi izan du gai zerrenda hamabost egun lehenago zehazten dutela talde guztiek parte hartzen duten batzordean. Koalizioak esan du EAJk bere proposamen zati bat ezagutzera eman zuela prentsaren bitartez, baina ez zutela gai zerrendan sartzeko eskaerarik egin. Udal ordezkariak "arduraz" jokatzea beharrezkoa da EH Bilduren udal taldearen arabera. Hala eta guztiz, esan dute ez dutela proposamen horiek behar bezala aztertzeko aukerarik izan: "Egiten diren proposamen guztiak ondo, patxadaz eta guztion artean aztertu behar ditugu, pertsonen ongizatea baitago jokoan. Gaiak presaka eta azken momentuan tratatzea ez da bidea, ezta EH Bilduren estiloa ere. Horrexegatik, hain zuzen, EH Bildu 4 aldiz bildu da EAJrekin azken hilabetean, 2020ko aurrekontuaren egoera eta atera berri ditugun diru-laguntzak azaltzeko eta elkarrekin adostasunak bilatzeko. Baina, bilkura horietan ez digute proposamen bat bera ere helarazi. Horrez gain, azken bi asteetan beste bi aldiz deitu diegu berriro elkartzeko nahia adieraziz, baina ezin izan gara bildu, ezin zutela-eta".
Martxoaren 14tik udal gobernua herriko eragileekin erabakiak hartzen, zuzeneko harremanak izaten, informazioaren hedapena egiten, protokoloen zehaztapenak bultzatzen, egoera ekonomiko berriak Udal aurrekontuetan sortutako ondorioak berrastertzen eta laguntzak planteatzen ari dela gogorarazi du koalizioak, eta aurrerantzean ere "eserita eta hitz egiteko prest" jarraituko duela nabarmendu du.