Online komiki tailerra izango da umeentzat

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 25a

Mattin (Iñaki Martiarena) komikigileak eskainiko du bi eguneko ikastaroa, eta parte hartzeko aurrez izen eman behar da.

Ekainaren 4ean eta 11ean Belardo komiki tailerra eskainiko du online bidez Mattin (Iñaki Martiarena) komikigileak Getariako liburutegitik. Bi saioak arratsaldez izango dira, 17:00etatik 18:30era. Ikastaroa zazpi eta hamar urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta Getariako liburutegiaren Facebook orrialdetik eskainiko da zuzenean (Getariako Udal Liburutegia du izena profilak).

Izena emateko 943 89 61 47 telefonora deitu behar da, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara bitartean. Bestela, nahiago dutenek mezu bat bidali dezakete libgetaria@gmail.com posta elektronikora ondorengo informazioarekin: izen-abizenak, adina eta telefonoa. Parte hartu nahi dutenek ekainaren 2ra arte dute izena emateko aukera. 

Ondorengo materiala behar da ikastaroan parte hartzeko: Arkatz beltz bat, errotulagailu bat, A3 papera (ez duenak bi A4 orri elkartuta lortu dezake A3 neurriko papera) eta borragoma bat.

Irakaslea Mattin (1967, Donostia) izango da. Kazetaritzan lizentziatua, nekazal begiralea, marrazkilaria eta komikigilea. Hain zuzen Zarrakamalda (2006) komikiaren egilea da donostiarra. Ipuin kontalaritza eta ilustrazioa uztartuz, ibilbide luzea du artistak, eta lan asko egin ditu euskarazko prentsan. Gaur egun, Berria egunkariko Mantangorria gehigarrian ageri den Belardo pertsonaiaren komikiak egiten ditu, besteak beste. Horrez gain, euskal idazle askoren lanak irudiztatu ditu.

Antolatzeileek haurrak parte hartzera animatu nahi ditu, irudimena lantzeko aukera aproposa delako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide