Getariako padel pista berria erabilgarri izango da astelehenetik aurrera

Aritz Mutiozabal 2020ko mai. 22a, 15:48

Sahatsaga kiroldegiko ikastaroak ere martxan jarriko dituzte maiatzaren 25ean, eta segurtasun neurriak bermatzeko, frontoian eta erabilera anitzeko gelan eskainiko dituzte.

Otsailareko prest zegoen padel pista berria, baina udaberrirako iragarrita zeuden haustekundeak zirela medio, ezin izan zuten aurkeztu. Jarraian, koronabirusak eragindako pandemiak gogor astindu du gizartea, eta aukera luzatzen joan da. Astelehenean Sahatsaga kiroldegiko ikastaroak berriro abian jarriko dituztela baliatuz, eta horien artean, herritarrek padel pista erabiltzeko aukera izango dutela, Getariako Udaleko ordezkariek kirol instalazio berria aurkeztu dute gaur eguerdian, modu sinbolikoan. Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, padel pistarekin biribildu dute kiroldegia berritzeko osatu zuten proiektua.

Pista estalia da, eta pilotalekuaren hegoaldean eraiki dute; 20x10 metro ditu, beste 10 metroko garaierarekin, hain zuzen ere. Astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri, eta egun bat lehenago erreserbatu beharko da 943-14 04 32 telefono zenbakira deituta. Pistaren ordubeteko alokairuak 10 euro balioko du bazkideentzat, eta 20 ez bazkideentzat; eta ordu eta erdiko alokairuak, berriz, 12 euro bazkideentzat, eta 28 ez bazkideentzat. Materialaren alokairuak euro bat balio du.

Ikastaroak segurtasun neurriekin

Arinaldiko bigarren fasean sartuta, Sahatsaga kiroldegiak bere zenbait zerbitzu berreskuratuko ditu astelehenetik aurrera; hau da, spinniga, pilatesa eta aerobika. Horretarako Kirolgune enpresak Getariako Udalarekin batera segurtasun protokolo bat sortu du aipatu zerbitzuak aurrera eramateko. Hala, ikastaroak behar bezala emateko, beharrezko segurtasun neurriekin, frontoira eta erabilera anitzeko gelara tokialdatuko dituzte. Bestalde, aldagelak, muskulazio eremua eta eremu hezea itxita mantenduko dituzte egoerak hobera egin arte.

Ikastaroei dagokienez, erabiltzaile guztiek doan izango dituzte lehen bi asteak, lehen hiruhilekoa amaitzeko geratzen ziren saioak berreskuratzeko dituztelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide