Getariako Udala herriko eragileekin egungo egoeraz hitz egiteko eta proposamenak elkarbanatzeko bilerak egiten ari da. Lehen bilera asteartean egin zuen kultura arloko eragileetako kideekin, eta atzo kirol elkarteetako arduradunekin bildu ziren udal ordezkariak. «Gardentasun ariketa bat da», Haritz Alberdi Getariako alkateak azaldu duenez. «Udalak herritar guztion dirua kudeatzen du, eta aurrekontuak osatzerakoan herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzen eta ondoren aurrekontuak azaltzen ditugun bezala, ezohiko egoera honek ekarriko dituen murrizketa ekonomikoak ere azaldu nahi izan dizkiegu getariarrei».
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Getariako Udalalari jakinarazi dio aurreikusitakoa baino 500.000 euro gutxiago jasoko dituela foru funtsetik. Hori dela eta, aurrekontua egokitu behar izan dute. «2020ko aurrekontuan egokitzapenak eginda 231.698,91 euro aurreztea lortu dugu, baina COVID-19ak sortutako ondorioei aurre egitera 50.000 euro bideratuko ditugunez, azkenean, aurreztutakoa 191.698 euro izango da. Hala, zor ditugun 500.000 euroak osatzeko falta diren 308.000 euro inguru altxortegitik hartuko ditugu». Getariako Udalak maiatzaren 5ean aurreztuta zuen diru kopurua 574.000 euro zen, eta horri aipatutako 308.000 euro inguru kendu behar zaizkio.
Dena dela, alkateak gogoratu du aipatutako kontu horiek testuinguru onenean emango liratekeela. «Ez dugu inor kezkatu nahi, gardenak izan nahi dugu. Egoerak okerrera egiten badu, udalaren diru-sarrerak gutxitzen badira eta hitzartuta dauden diru laguntzak iristen ez badira, gerakina gehiago murriztu daiteke».
Lehentasunak
Murrizketak egiterakoan hiru lehentasun markatu ditu Getariako Udal Gobernuak. «Alde batetik, gizarte arloko partidak mantendu edo handitu egin ditugu. Pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko dirulaguntzen partida esaterako, hirukoiztu egin dugu. Bestetik, herri dinamika bultzatzen duten eragileen partidak hasiera batean ez ukitzea erabaki dugu. Eta, azkenik, saiatu gara lehentasuna duten inbertsioetako partidei eusten». Hala nola Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetzeko lanak, surfeko lokaleko teilatua berritzeko partida, eta Haur Hezkuntzako jolastokia berritzeko eta Herrerieta kaleko irisgarritasuna hobetzeko partidak. Proiektu horiei eustea da asmoa, baina azken horiek Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzekin lotura dutenez, jaurlaritzaren erantzunaren zain daude.
Koronabirusari aurre
Getariako Udalak partida berezia sortu du COVID-19ak eragindako ondorioei erantzuteko. «50.000 euro jarri ditugu. Batetik, 10.000 euro bideratu ditugu, itxita egon diren ostalariek terrazen urte erdiko kuota ordaindu beharrik ez izateko. Harremanetan gaude haiekin eta esan diegu egoeraren arabera beste erdia ere ez diegula kobratuko». Bestetik, 20.000 euroko bi partida sortu dituzte; bat pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko, eta bestea bertako kontsumoa sustatzeko. Horrez gain, Alberdik azaldu du gerakinetik beste 50.000 euro gorde dituztela, «koronabirusa dela-eta egoerak okerra egiten badu ere».