Gaur hasita, herriko eragileekin bilduko da Getariako Udala

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 19a

Lehen bilera gaur, asteartea, izango da 19:00etan hasia, eskolako aretoan, eta udal ordezkariak kultur arloko eragileetako kideekin elkartuko dira. Kirol elkarteetako kideekin, berriz, bihar dute hitzordua, ordu eta leku berean.

Herriko eragileekin egungo egoeraz hitz egiteko eta proposamenak elkarbanatzeko hainbat bilkura egingo du Getariako Udalak. Lehen bilera gaur, asteartea, izango da 19:00etan hasia, eskolako aretoan, eta udal ordezkariak kultur arloko eragileetako kideekin elkartuko dira. Kirol elkarteetako kideekin, berriz, bihar dute hitzordua, ordu eta leku berean.

Udalak azaldu duenez, Babexa eta Getabat dendarien eta tabernarien elkarteekin elkarlanean irekiera plana jarri dute martxan; babes neurriak eta protokoloak adostu dituztela gogorarazi du erakundeak. Bestalde, udalaren egoera ekonomikoan aldaketak izan direla jakinarazi du; izan ere, Getariako Udalak aurreikusitakoa baino 500.000 euro gutxiago jasoko ditu foru funtsetik. Hori dela eta, aurrekontuan sartzeko egokitzapen proposamenak egin dituela jakinarazi du erakundeak, eta gainera, 100.000 euro hainbat laguntzetara bideratzeko "gorde" dituela adierazi du.

Haritz Alberdi alkateak EAJko udal ordezkariekin lau bilera egin dituela ere esan du; hain zuzen ere, egoera ekonomikoaren eta proposamenaren inguruko azalpenak emateko bildu dira. Gainera, ostegunean udaletxeko behargin guztiekin elkartu zela ere adierazi du. Bide horretan antolatu ditu herriko eragileekin bilerak, herritarrei ahalik eta informazio gehiena emateko helburuz, eta udalak esan duenez, Osakidetzak emandako segurtasun gomendio guztiak kontuan hartuta egingo dituzte egunotako bilera guztiak.

 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide