Getariarrek emandako babesa eskertu du Ane Camposek eguerdiko omenaldian

Aiora Larrañaga 2020ko maiatzaren 16a

Gaur eguerdian omenaldia egin diote Ane Campos futbol jokalariari Getariako udaletxean, osasun segurtasun neurri guztiak hartuta. Getariar gazteak Eibar taldearekin lehen mailara igotzea lortu du, eta goi mailan jokatuko du datorren denboraldian. Haritz Alberdi Getariako alkateak "zorionak" eman dizkio Camposi Getariako Udalaren izenean, "eta ausartzen naiz esaten getariar guztien izenean. Lorpen handia egin duzu, futbol jokalarientzat amets bat delako lehen mailan jokatzea". Alberdik aurkezpenean azaldu duenez, futboleko lehen mailan jokatzea lortu duen bosgarren getariarra izango da Ane Campos eta, era berean, maila horretan arituko den lehen emakume getariarra izango da. Gainera, bitxikeri gisa, historian zehar lehen mailan aritu diren jokalari getariarren artean dago Ane Camposen aitona Antxelmo Campos Garrastazu ere.

Aurkezpenean Alberdik nabarmendu du, futbolak badituela kontraesan handiak. "Alde batetik, milioi asko eta jendetza mugitzen duen kirola da, baina talde lana ere badu oinarrian". Hala, futbolaren kontraesanez hausnartzeko Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak futbolaren inguruan idatzitako pasarte bat ekarri du gogora Getariako alkateak. Ondoren, Agurra dantzatu dio herriko dantzari batek Camposi, eta jarraian Uxue Alberdik bertso sorta abestu dio.

Ekitaldia amaitzeko Ane Camposek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkio Getariako Udalari "aitortza egiteagatik eta emakumeen kirolaren aldeko apustua egiteagatik". Getariarrak ere izan ditu gogoan bere hitzartzean. "Eskerrik asko Getariako herritarrei, beti sentitu dudalako euren babesa. Eskerrik asko nire lagunei, nire ondoan egoteagatik; arratsaldeko kafeengatik eta larunbatetan elkarte gastronomikoan egin izan ditugun afariengatik". Eta azkenik, familiak egindako ahalegina ere aitortu du futbol jokalariak. "Eskerrak eman behar dizkiot nire familiari, ezinbesteko laguntza eman didatelako. Eskerrik asko, kotxea hartu eta egunero entrenatzera eramateagatik, zuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako lehen mailara igotzea".

Hitzartzearen ondoren, udaletxeko balkoira atera da Campos, eta eskerrak eman dizkie bertan bildu diren herritarrei. Udaletxeko balkoitik, "Aupa Getaria" ozen batekin itxi du Camposek omenaldia, herritarren txalo zaparrada artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide