Konfinamendutik ateratzeko lehen fasean sartuko da astelehenetik aurrera Hego Euskal Herria. Fase horretako xehetasunak ez dituzte eman oraindik agintariek, baina zenbait zerbitzu zabaldu ahal izango dira. Getarian, esaterako, hainbat udal zerbitzu jarriko dituzte martxan hilaren 11tik aurrera.
Ohiko tramitetarako zabalik izango da udala. Banaka artatuko dituzte herritarrak; horretarako, atea jo eta sarrera emango zaie. Gizarte zerbitzuen bulegoak, udal liburutegiak eta beilatokiak ere ateak zabalduko dituzte astelehenetik aurrera. Udalak iragarri duenez, polikiroldegiko zerbitzu batzuk hilaren 18an izango dira abian.
Beste komertzio txiki batzuk ere zabalduko dituzte datorren astean, horien artean, arropa dendak, bitxi dendak, drogeriak, ileapaindegiak, fisioterapia zentroak edota hortz klinika.
Itxita jarraitu beharko dute, momentuz, elizak –udalarekin elkarlanean segurtasun baldintzak prestatu ondoren zabalduko dute–, Gaztelekuak edota Musika Eskolak.
Zabaldu bai, baina neurriekin
Nahiz eta konfinamendua arindu, osasun erakundeek finkatutako segurtasun neurriak bete behar direla gogorarazi nahi izan du udalak. Denda eta zerbitzu bakoitzean erabiltzaileak jarraitu beharreko segurtasun neurriak ezarriko dituzte, eta jarraitu beharreko barne segurtasun protokoloa bistan izango dute erabiltzaileek. Estalbezimendu bakoitzak aforo mugatua izango du, eta kanpoan itxaroteko ilarak markatuko dituzte.
Udalak ordutegi guztien berri emango du, eta saltokietan ere ikusgai izango dira.