Getariako Udalak herriko merkatari, zerbitzu, ostalari eta ekoizleak suspertzeko kanpaina jarri du abian

Aritz Mutiozabal 2020ko maiatzaren 8a

'Heldu estatxa! Getariarron txanda! leloa' jarri diote egitasmoari, itxialdiaren ondoren herritarrak kontsumitzera animatu daitezen.

Nortasuna eta elkarlana oinarri hartuta, herriko merkatariak, ekoizleak, ostalariak eta zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzten profesionalen sektoreak suspertzeko kanpaina jarri du abian Getariako Udalak, Heldu estatxa! Getariarron txanda! lelopean. Itxialdiaren ondorengo itzulera honetan, "estropada berri bat" hasiko dela nabarmendu du Getariako alkate Haritz Alberdik gaur goizean udaletxean egin duten aurkezpen agerraldian."Momentu honetan, getariarrok ere estatxa heldu dugu. Gure txanda heldu da, herri bezala jokatzeko. Trainerua bideratu eta elkarlanean arraun egiteko", azaldu du, herritarrak kontsumitzera bultzatuz.

Herriko merkatari, ekoizle eta ostalariak herritarren topagune direla adierazi du, "herri-bizitzaren eragileak", eta kanpainaren bitartez tokikoak eskaintzen duen balio erantsiaz eta garrantziaz ohartarazi nahi izan du. Baita produktuen eta zerbitzuen atzean pertsonak daudela ere, herritarrak direnak. Aurkezpenean herriko hainbat negozioetako ordezkari izan dira; batzuek, ile-apaindegiek eta masaje zerbitzua eskaintzen dutenak, dagoneko hasi dira lanean, eta besteak astelehenean ekingo diote. Udalak gogorarazi du, Babexa Merkatarien Elkartearekin eta Getabat Ostalari Elkartearekin elkarlanean, herritarren segurtasuna bermatzeko protokoloa jarri duela abian.

Kanpaina abian da

Kanpaina berriari gaur bertan eman diote hasiera, eta datozen egunetan nahiz asteetan ekintza ezberdinak egingo dituztela iragarri dute: ikus-entzunezkoak, banderolak, horma irudi mosaiko erraldoia eta poltsa berrerabilgarrien banaketa, esaterako. Kanpaina urte osoan luzatuko dela jakinarazi dute.

Ikus-entzunezkoei dagokienez, bi eredu lantzen ari dira. Alde batetik, herritarrei bideratutakoak, eta, bestetik, bisitari begira eginikoak; hau da, kultura, gastronomia, ostalaritza, merkataritza eta natura gaitzat dituztenak. Banderolak herriko faroletan jarriko dituzte, eta mosaiko erraldoia kultur etxeko horman jarriko dute, herriko sektore ezberdinetako profesionalekin osatuta.

Hilebetero, gainera, Artzaperekin elkarlanean, sektore ezberdineko profesionalei elkarrizketak egingo dizkiete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide