Koronabirusa ez hedatzeko tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuen martxoaren 14an Eusko Jaurlaritzak. Era berean, arrantzaleek antxoaren kanpaina bertan behera uztea erabaki zuten, arrantzari etekin txikia aterako ziotelakoan.
Alarma egoera oraindik indarrean badago ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak hamar egun barru, apirilaren 20an aterako dira berriro itsasora, antxoarekin kosterari berriro ekiteko. Hasiera batean, Aste Santuaren ondoren ziren itsasoratzekoak, baina astebete atzeratu dute segurtasun neurriak mantentzeko. Hala erabaki zuten atzo Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako kofradiek. Antxoaren kanpaina berrabiaraztea erabaki zuten arrantzaleek bilera honetan.
Jakinda egoerak normaltasunera itzultzeko orandik denbora beharko duela, pixkanaka hasiko dira arrantzan. Egunero arrantzatu ahal izango duten antxoa kopurua jaistea erabaki dute arrantzaleek, 10 tonatik 6 tonara. Horrez gain, eta kutsatzeko arriskuak ekiditeko, tenperatura hartuko diete arrantzaleei, eta sei ontzik baino gehiagok ezingo dute aldi berean aritu portuan deskarga lanetan.