Covi-19 birusaren aurrean hainbat kolektibo zaurgarria direla kontutan hartuta, horiek etxean egotearen garrantzia bereziki nabarmendu dute erakunde eta instituzioek. Hori dela eta, adinekoei eta ezinduen erosketa zerbitzua jarri dute abian Getariako Covi-19 Boluntario Taldeak, Janari Dendariak eta udalak. Zerbitzua adinekoei, gaixotasun kronikoa eta aniztasun funtzionala duten pertsonei eta, oro har, erosketak egiteko ezinduta daudenei zuzenduta dago. Zerbitzua erabili nahi duenak 688 64 06 82 telefonora deitu behar du.
Koordinatzaileak zerbitzuaren inguruko informazioa emango dio, eta laster bere auzokide boluntario batek telefonoz deituko diola esango dio. Honek zerbitzuaren xehetasunak azaldu eta behar dituen produktuen zerrenda hartuko dio. Erosketak egitean, boluntarioak etxeko atea kanpoan utziko dio erosketa, eta ez da boluntario eta erabiltzailearen artean kontakturik egongo. Gainera, zer moduz dagoen galdetuko dio, eta edozein momentutan behar bereziren bat badu berari deitzeko esango dio. Hori gertatuko balitz, boluntarioak udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna erabiltzailearekin harremanetan jarriko luke
Boluntarioak tikea erosketa poltsari grapatuko dio, zerbitzuaren erabiltzaileak erosketaren kostua zenbatekoa izan den jakin dezan. Erabiltzailearekin ordainketa krisi garaia pasatzean kudeatuko da. Dena pasatzean,erabiltzaileak dendariari zor diona ordaindu beharko dio. Horrela, esku-dirua erabiltzea saihestuko da.
Segurtasun neurrien protokoloa
Zerbitzu honetan parte hartzen duten boluntarioek baldintza hauek bete beharko dituzte:
● Sukar, ahulezia, buruko min edota eztularen sintomak ez izatea.
● Covid-19 izan duen edota harekin kontaktua izanagatik berrogeialdian dagoen pertsonaren batekin harremanetan ez egon izatea.
● Arrisku taldeetako pertsonak eta pertsona adinduak ezingo dute parte hartu.
Gainera, erosketak egingo dituen pertsonak ez du zerbitzuaren hartzailearen harreman zuzenik izango. Erosketa egin aurretik eta erosketa egin ostean eskuak garbituko ditu. Erosketak eraman aurretik eta ondoren, urarekin eta xaboiarekin edota alkoholarekin garbituko ditu eskuak. Eusko Jaurlaritzaren gomendioak beteko ditu egunerokotasunean.