Koronabirusa dela eta, prebentzio neurriak hartu dituzte Getarian ere. Batetik, udalak kartel informatiboak jarri ditu udal eraikinetan, eta eskuak garbitzeko tresnak jartzeko asmoa ere badu, Haritz Alberdi alkateak HITZAri jakinarazi dionez. Eskatuta dituzte, eta datozen egunetan iritsiko dira. Udaletxean, kiroldegian, udal liburutegian eta Musika Eskolan jarriko dituzte.
Gaur goizean bertan, berriz, Arrantzale Zaharren Kofradiak erabaki du ateak ixtea, Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz. Hortaz, jubilatuek ez dute elkartzeko ohiko tokia zabalik izango datozen egunetan.
Indauxen ere neurriak hartu dituzte
Enpresa handiak ere hasi dira neurriak hartzen. Horietako bat da Indaux. Gaur egun 253 langile ditu lau egoitzatan banatuta, eta 90 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak. Koronabirusa dela eta, azken bi asteetan ezinbestekoak ez diren bidaiak atzeratzea erabaki dutela jakinarazi dio HITZAri Indauxeko komunikazio arduradunak. "Bereziki Asiara bidaiatzea saihestu dugu, baita aireportu jakin batzuetan geldialdia egitera derrigortzen gaituzten helmugak ere. Egunak aurrera joan ahala, bidaiatzeko murrizketak herrialde gehiagotara hedatu dira". Gaineratu duenez, bidaiatu duten langile guztiek mediku zerbitzua jaso dute.
Bidaiak ekidin ez ezik, kanpoko bisitak ere murriztu dituzte, eta zenbait bilera bertan behera uztea erabaki dutela adierazi du komunikazio arduradunak: "Protokoloaren barruan, kanpoko bisitariek jokabidearen inguruko informazioa jasoko dute bisita antolatu duenaren eskutik". Horrez gain, gune ikusgarrienetan Jaurlaritzak zabaldutako higiene gomendioak itsatsi dituztela gaineratu du: "Gomendioetako bat da, adibidez, agurtzean eskurik ez ematea". Bilerei dagokienez, gela zabaletan egingo dituztela azaldu du komunikazio arduradunak, eta igogailuen erabilera saihestuko dutela.
Gainera, Indauxek badu bestela ere mediku zerbitzua: "Gure mediku zerbitzuaren eginkizuna da langileen osasuna zaintzea, era norbanakoan nahiz kolektiboan, eta langileen osasuna kaltetu dezaketen aukera guztiak aztertzea". Horretarako, segurtasun kontrolak egiten dituztela gaineratu dute.