Erdi Aroko emakume haiek

Onintza Lete Arrieta 2020ko martxoaren 5a

Getarian Elkano gora eta Elkano behera ari diren honetan, garai hartako emakumeengan jarri nahi dute arreta udalak eta Elkano Fundazioak. Hala, gaur arratsalderako hitzaldia antolatu dute.

Juan Sebastian Elkanok munduari bira ematea lortu zuenean, 1524.urtean, non zeuden emakumeak? Nola bizi ziren? Zer egiten zuten? Horrelako galderak egin dizkiote beren buruei Getarian, eta erantzunak lortzeko asmoz, Janire Castrillo (Arrigorriaga, 1984) Historian doktorearengana jo dute udalak eta Elkano Fundazioak. Erdi Aroan espezialista da Castrillo, eta ikerketa guztiak emakumeen inguruan egin ditu. Gaur arratsaldean Iturzaeta herri eskolan izango da, 19:00etan, orduko emakumeez hitz egiteko. Pluralean. «Orduan ere aniztasuna zegoelako. Emakumeek zituzten mugez hitz egin behar da, bai, baina baita emakume boteretsuez ere, bazeudelako».

Badago informazioa?
«Arreta deitzen dit galdetzen didatenean nondik ateratzen dugun Erdi Aroko informazioa emakumeei buruz. Izan ere, emakumeak nonahi daude». Edozein historialarik bere ikerketan erabiliko lituzkeen iturriak erabiltzen ditu Castrillok ere: «Araudiak daude alde batetik, Euskal Herrian Erdi Aro amaierako zenbait foru, Bizkaiko forua, ordenantza pila bat herri askotan; baditugu Elizaren dokumentuak, garai hartan gauza asko Elizak arautzen zituelako; baditugu iturri notarialak, balio digutenak berreraikitzeko garai hartan zenbait esparrutan gertatzen zena. Ezkontza kontratuak ditugu, salerosketak, eta hor emakumeak daude: saltzen, erosten, ezkontzen...». Garaiko kronikak ahaztu gabe: XV. mendean Lopez Garcia de Salazar bizkaitarra, eta XVI. mendean Garibai gipuzkoarra.
Beharbada, iturriei buruzko galdera hori dator askotan esan delako Historia gizonezkoek idatzi dutela haien ikuspegitik. Horretan bat dator Castrillo, eta horren aurrean, uste du gakoa dagoela betaurreko edo lupa morea erabiltzean.

Lupa morea da gakoa
«Datuak badaude, baina lupa morea jarri behar da. Nik ez dut ezer berezirik egin, hor daude emakumeak. Baina inportantea da iturriak behatzerakoan ikerlariak galdera egokiak planteatzea. Hori da gakoa». Emakumeak subjektu historikoak dira, «izan dute beren papera historiaren bilakaeran, eta hori zergatik ez da garrantzitsua? Zergatik dira bakarrik garrantzitsuak gerrak eta estatuak, eta ez da garrantzitsuak Elizan, auzoan, edo etxe barruan gertatzen dena?».

Betiko topikoak
Gure gizartean garai hartako emakumeen topikoen inguruan galdetuta, «beti antzekoak» direla azaldu du adituak. «Nire ustez topiko handiena da Erdi Aro amaiera edo Aro Modernoaren hasiera horretako emakumeekin akordatzean, burura etortzen zaigula beti mugak, ezintasunak, sumisioa, dependentzia... horrelako hitzak. Eskoletako testu-liburuetara jotzen badugu, gaur egun hasi direlako zertzelada txiki batzuk agertzen, muga eta ezintasun horiek dira agertzen diren bakarrak, eta ni ez nago batere ados horrekin». Neurri batean egia dela aitortzen du Castrillok: «Bazituzten eremu publikoan jarduteko zenbait muga, esaterako, senarraren lizentziaren beharra zuten edozein tramite egiteko, izan kontratu bat adosteko hirugarren pertsona batekin, izan bere ondasunak saltzeko... Horrez gain, ezin zituzten gauza batzuk egin: epaiketetan ezin zuten lekuko gisa jardun, alarguntzen zirenean ez zuten seme-alaben kustodia automatikoki jasotzen, alkateak ematen zien eskumena, eta politikagintzan ere ezin ziren izan merino, adibidez». Hori horrela bada ere, «badaude hori kontraesaten duten emakume modelo pila bat».

Emakume boteretsuak
Bereziki andre feudalak azpimarratu ditu Historian doktoreak. «Badirudi ezin zutela politikan parte hartu eta ezin zutela alor publikoan aritu, baina baditugu andre feudal batzuk asko agindu zutenak». Adibideekin zerrenda eginda dauka: «Maria Diaz Harokoa, esaterako, XIV. mendeko Bizkaiko Andreak, Bizkaiko foruak aitortu, jaurerriko karguak izendatu nahiz Portugalete eta beste zenbait hiribildu sortu zituen. Bera bezala, XV. mendean Arabako Maria Mendozakoa ekar daiteke hizpidera. Martiodako dorretxearen jabea eta Huetos jaurerriko andrea izan zen. Bere menpeko nekazariengandik zergak bildu zituen eta beste edozein jaun feudalen funtzio berak zituen. Hirugarren abididetzat Konstanza Ayalakoa dugu, Oñatiko kontesa: bere menpekoak epaitu zituen,araudiak publikatu zituen, gerrak finantziatu…». Castrilloren arabera, euskal lurretan asko eta asko daude dokumentatuta. «Jaun feudalek egiten zuten guztia egiten zuten emakume haiek ere».
Euskal lurretakoa ez zen salbuespena, ordea. Mendebaldeko Europa osoko errealitatea zen, «Gaztela, Nafarroa eta Aragoiko erreinuetan egoera ber-bera zen. Horrelako jaurerriak gobernatzeko gizonezko presturik ez zegoenean, emakumeek hartzen zuten beraien gain gobernu ardura hori».

Queenship teoria
Historian adituak azaldu duenez, azken hamarkadan garatu dira teoria batzuk. Esaterako, queenship edo reginalidad deiturikoa. «Teoria horrek dio emakumeek bazutela zuzenean gobernatzeko aukera hori, baita bide informalagoak ere, politikagintzan edo boterean eragiteko».
Euskal matriarkatuaz hitz egitea, hala ere, gehiegi da. «Iraganeko matriarkatu horren mitoa hor dago presente, eta nik ez dakit inoiz eman den edo ez; nik ikasi dudan garaian, behintzat, ez dago halakorik».
Getarian edo Urola Kostan, berriz, ez matriarkaturik, ez andre feudalik. «Gipuzkoan zuzenean Gaztelako erregeak agintzen zuen XV. mendean, ez zegoen ia-ia jaurerririk. Horregatik ez dago emakume izen propiorik, ez dagoelako kudeatzeko jaurerririk». Hala ere, bitxikeria bezala, Saiazko alkatetzan gertatutakoa kontatu du Castrillok. Aia, Beizama, Goiatz, Errezil eta Bidaniak osatzen zuten Saiaz, eta «1496an, orduko alkate Juan Lopez de Zarautzek, alde egin zuen Napolira. Gatazka handia sortu zen, eta arazoa Gaztelako erregearen epaitegi nagusiraino iritsi zen. Konponbidea zein izan zen? Alkate makila alkatearen emazteari ematea erabaki zuten, hark nahi zuen alkatea aukeratzeko».

Lan eta ofizio ugari
Erdi Aroko emakumeen lanaz hitz egitean, noski, etxeko lana da nabarmendu behar den lehen zeregina, ia denek egiten baitzuten. Gaurko lanekin zerikusi gutxi zuen ordukoak, baina: «Iturrira ur bila joan behar izaten zuten; errekara arropa garbitzera; merkatura gauzak erostera eta saltzera; baratzera lanera, eta gainera, haurrak eta adinekoak zaindu».  
Hori guztia jakinekoa da. Ezezagunagoa da, berriz, ofizioen arloa. Hezkuntzako testu-liburuak begiratu ditu, jakiteko zer ikasiko duten umeek. «Testu horietan ageri diren gremioetan ez dago emakumerik, baina hori ezinezkoa da, garai hartan artisau tailerrek izaera familiarra zutelako. Agian gizartearen aurrean tailerraren jabea gizonezkoa izango zen, baina haren emaztea eta alabak han zeuden berarekin lanean, eta gustatzen zait hori aipatzea». Emakumeen ofizioei dagokienez, okintzarekin lotutako ofizio asko daude: labezainak, al-zaku garraiatzaileak, errotariak... Horrez gain, zaintzarekin lotutakoak: neskameak, emaginak, inudeak, ospitalerak, saltzaileak...
Baita merakatari handiak ere. «Lekeition hiru andre aurkitu ditut, XV. mende amaiera eta XVI. mende hasierakoak. Itsasontziak kudeatu zituzten, burdinaren komertzioan aritu ziren...».

Ezkontzaren garrantzia
Hitzaldian emakumearen birjintasunaz, ezkontzaz, eta ezkontzan zehar bikotekideen arteko harremanaz ere hitz egingo du historialariak. «Emakumeen bizitzetan oso mugarri garrantzitsua zen ezkontza, eta ordura arte birjin mantendu behar ziren, hori inportantea zelako ezkontza on bat lortzeko». Birjintasunaren gaia ere izango du hizpide. «Arropen bitartez erakusten zen emakume bat birjina zen ala ez. Burukoa zeramana ezkonduta zegoen. Aldiz, dontzeilek edo ez ezkonduek ezin zuten zapia eraman, eta ile motzarekin ibiltzen ziren». XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen janzkera hori.

Emakume on eta txarrak
Birjintasunarekin eta ezkontzarekin lotuta, emakume onen eta txarren gaia dago. «Iturrietan ikusi dut sozialki desberdintzen zituztela emakume onak eta txarrak, beraien portaera sozialen arabera». Castrillok tesian bi emakume arketipo deskribatu zituen: emakume onak eta txarrak. Onen artean, kastitatea mantetzen zutenak zeuden: birjinak, ezkonduak izan arren seme-alabak edukitzera mugatzen zirenak sexualitatean, alarguntzean lutoa mantentzen zutenak. Baita elizkoiak zirenak ere, «eta horregatik emakume erlijioso profesionalek zuten prestigioa». Auzoan eta familian laguntzaile izatea eskatzen zitzaien, baita «zuhurtzia eta neurritasuna ere; zalapartarik ez sortzea».
Emakume txar kontsideratzen ziren, berriz, «lizunak» zirenak. «Adulteroak ziren ospe okerrena zutenak. Epaiketetan, esaterako, frogatzen bazen adulterioa egon zela, epaileak normalean senarrari baimentzen zion nahi zuena egitea emaztea eta haren amorantearekin. Atera kontuak». Prostitutak ere hor sartzen ziren, eta buruko gorrixka eraman behar izaten zuten, denek jakin zezaten zein ziren. Emakume zalapartatsuak ere emakume txarrak ziren. «Zigor handiagoak jasotzen zituzten gizonek baino». Horiez gain, bazeuden ez onak ez txarrak ziren emakumeak: bakarrik bizi zirenak, susmagarriak zirelako, edo arrimatuta bizi zirenak.  

Etxepare
1545.urtean Bernart Etxeparek argitaratutako Emazteen fabore olerkia aipatuko du gaur Castrillok emakumeen rol sozialaz hiz egiterakoan. «Etxeparek idatzi zuen Linguae Vasconum Primitiae liburua Aro Modernoaren hasieran, eta hor dagoen Emazteen fabore olerkia da emakumeen aldeko alegatu argia. Bera apaiza izanik, zergatik ikusi zuen beharra emakumeen bertuteak eta emakumeen ontasuna azpimarratzeko? Hori da, XIII. mendetik XVIII. mendera Europa osoan eztabaida intelektuala zegoelako, eta hori da zipristin txiki bat. Erdi Aroan misoginia oso presente zegoen. Teologo eta kanonista batzuek zioten emakumea berez ez dela izaki ona, ez duela gizonezkoak beste gaitasun arrazoitzeko... Eta horren kontra lehertu zen mugimendu bat, Emakumeen Kereila deiturikoa». Horren inguruan asko ikertu da azken urteetan, eta ikusten da han-hemenka, Europan badaudela emakumeen aldeko aldarriak. «Nik Etxepareren olerki hori kokatzen dut mugimendu horren barruan».

 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide