Getariar batentzat zer da Elkano izatea?
Ohorea. Umetatik, nire aita Elkanoren paperean ezagutu dut, eta orain, aitaren oroimenez hori egitea berezia da. Pozgarria.
Liburuan parte hartzeko proposamenari baietz esan ondoren, lotsarik sentitu al zenuen?
Lotsa beti dago hor. Dena den, ni edozertan laguntzen saiatzen naiz. Gainera, hasieran ez nekien liburuaren azalean azalduko nintzenik ere.
Eta? Zer inpresio egin dizu zeure burua azalean ikusteak?
Ona, egia esan, ondo ikusi naiz.
Noiz egin zenituzten argazkiak?
Iazko udazkenean. Egileak urrian jarri ziren nirekin harremanetan, eta argazkiak abenduan egin genituen.
Modelo lanetan eroso?
Joseba argazkilaria oso atsegina da, gertukoa, eta asko erraztu zuen lana.
Liburua lehen aldiz ikusi duzu. Zer inpresio egin dizu eskuartean hartutakoan?
Kategoriako liburua iruditu zait. Oraindik ez dut barrukoa ondo ikusi, baina itxura ederra du. Argazkiak bikainak dira. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dago, lan ona egin dute. Elkanok hori eta gehiago merezi du. Atzerritar askok ez du Elkanoren berri, eta halako lanak beharrezkoak dira bere izena ezagutzera emateko.
Liburuak utziko al du ubera?
Bai, herrian seguru baietz. Herriko jendeak berehala erosiko duela iruditzen zait. Gaur egungo herritarrak dira argazkietako protagonistak; horrek erakusten du Elkano oraindik ere gogoan dugula Getarian.
2022an izango da 500. urteurrena, eta gauza asko ari dira antolatzen. Ekimen horiek guztiak nola bizi dituzu?
Ondo. Liburuaz gain, hitzaldi interesgarriak izan dira herrian.
Giro berezia antzemango da herrian, ezta?
Beti dago Elkano giroa hemen; lehorreratzea lau urtetik behin egiten da, eta beti dago presente. Aurten gehiago, fundazioa sortu dutelako eta abar. Liburu honek, berriz, era atseginean juntatu gaitu herritarrak. Ideia polita da herriari eta herritarrei lekua egiteko.