Atzo arratsaldean, jendetza juntatu zen Getariako udaletxean egin zen “Ortzimugaren sustraiak” liburuaren aurkezpenean. Proiektuan getariar askok parte hartu dute, eta giro herrikoia izan zen atzoko saioan. Liburuaren aurkezpen lanak Haritz Alberdi Getariako alkateak, Joseba Urretabizkaia eta Alvaro Bermejo egileek, Itxaro Borda idazleak eta Rafael Zulaika Elkano 500 Fundazioko proiektu koordinatzaileak egin zituzten.
“Ortzimugaren sustraiak” liburua Urretabizkaia argazkilariak eta Bermejo idazleak egin dute, eta Elkanori eta XVI. Getariari buruzko hurbilpen literario eta fotografikoa da. Itxaro Borda idazleak ere parte hartu du sorkuntza prozesuan, eta berea da liburuaren hitzaurrea. Oraingoz, 500 aleko edizio mugatua eman dute argitara.
Liburuak 90 irudi baino gehiago biltzen ditu, eta irudi horietako askoren protagonistak Getariako herritarrak dira; hori da liburuaren berezitasun nagusietako bat. Hala, 1500. urteko Getariara ezagutzeko aukera izango du irakurleak.
Getariako alkateak eskerrak eman zizkien liburuan parte hartu duten herritarrei, Getariako enpresei eta erakundeei. “Denon artean egindako lan kolektiboa izan da hau”, hasi zuen bere hitzartzea. “Elkanoren mundubiraren 500. urteurrena herri proiektua da, eta denon artean bultzatu behar dugu”, zehaztu zuen. Alkatearen esanetan, “XXI.mendean Euskal Herritarrok gure historia kontatu behar dugu, orain da horretarako garaia. Gure kontakizuna idatzi behar dugu.”