2018an, Ondarearen Europako Urtearekin bat etorrita, Moda eta Ondarea serie kuratoriala abian jarri zuen Cristóbal Balenciaga Museoak. Erakusketa sorta honen helburua Balenciagaren obra moda izatetik ondare izatera igarotzeko prozesuaz hausnartzea izan zen.
Aurten, joskintzako maisuaren 125. urteurrenarekin bat, serie kuratorialaren baitako hirugarren erakusketa antolatu dute. Oraingo honetan “errezelaren atzeko” pertsona atera nahi izan dute, "markaren atzean dagoen izen propioa, goi mailako joskintzako maisuaren atzean dagoen senitartekoa, laguna edo nagusia", hain zuzen ere.
Balenciagaren zenbait objektu pertsonal ere aurkituko dituzte bisitarien obra hautatu hauen ibilbide kronologikoan txertaturik. "Hain zuzen ere, ibilbidean zehar, mitoa alboratzeko eta Cristobal bera imajinatzeko gonbita egingo digute jantzi, lanabes, gutun, liburu nahiz apaingarri horiek".
Erakusketaren komisario eta Museoko bildumen zuzendari Igor Uriaren arabera: "Gure asmoa ez da azalpen biografiko bat egitea, baizik eta gogora ekartzea beti itzalean, errezelaren atzean, lantegian gorderik, ideiak hausnartzen, sorkuntza lan isilean jardun zuen gizon hura —eta, agian, gure buruari galdetzea zergatik iritsi diren objektu jakin horiek guregana eta zer kontatzen diguten gizon hari buruz—".
Erakusketa bost aretotan antolatuko da, eta 700 m2-ko azalera hartuko du, guztira. 80 jantzi pieza bilduko ditu, gehienak lehenago erakutsi gabeak.
"Moda eta Ondarea serie kuratorialaren hirugarren edizioak alderdi biografikoa erantsiko dio aurreko erakusketetan bildumaren eta instalazioaren, artxiboaren eta museologiaren artean sortutako elkarrizketari. Cristobal Balenciaga beti egon da presente bere silueta ikonikoen bilakaeran, baina argazki ez hain ezagunen bidez agertuko da, oraingoan, baita haren jabetzakoak izandako objektu sorta baten bidez ere. Batzuk eta besteak, pertsonaia enigmatikoaren talisman edo fetitxe bihurturik ia», azaldu du Judith Clarkek, erakusketaren kontzeptuaren egileak.