Juan Sebastian Elkano getariarrak egindako lehen mundu biraren harira antolatuko jarduerek jarraipena izango dute 2020. urtean. Hala, Elkano Fundazioak prestatu duen programazioaren aurrerapen bat eskaini zuen herenegun Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Ondorengoak izan ziren azalpenak ematen: fundazioaren presidente eta Getariako alkate Haritz Alberdi, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpurua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Maria Jose Telleria, eta Fundazioaren zuzendari Ion Irurzun.
Itsas birarekin zer ikusia izan zuten Euskal Herriko udalerrien arteko harremanak estutzeko lanetan sakonduko dutela azaldu zuten, xede hartuta itsasoarekiko lotura berreskuratzea eta sendotzea. Horrez gain, gaineratu zuten gertaera haietaz beste kultura batzuek nolako ikuspegia duten ere jakin nahi dutela.
Haritz Alberdik laburbildu zuen erakundearen erronka nagusia: Euskal Herriko udalerrien eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea, itsasoaren historian sakontzeko. "Elkanok munduari eman zion bira posible izan zen Euskal Herri osoan itsas kultura handia zegoelako". Joan den urtean Euskal Herriko 22 udalerrik egin zuten bat Itsasoratze itunarekin Elkanoren Itsasoratzea jaialdian. "Aurten ere lan egiten jarraituko dugu elkarlan horri segida emateko", azpimarratu zuen Getariako alkateak.
Jarduera akademikoak eta dibulgaziozkoak uztartzen dituen Mundubiraren Ubera programa diseinatu du Fundazioak; hainbat eragilerekin batera gauzatuko du. Ekimen horren xedea da diziplina desberdinen ikuspegitik ezagutzea duela 500 urteko gertaerak eta orduko testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala. Mundubiraren Ubera zikloa aurten "osatuagoa" izango dela azaldu zuten, konferentziak, hitzaldiak, dokumentalak, erakusketak eta tailerrak izango direlako. "Ekimen hori Getarian jarri da abian, baina Euskal Herriko beste udalerri batzuetara esportatzeko aukera ematen du", esan zuen Maria Jose Telleriak.
Ikastaroa eta bilkura
Programazioaren barruan, nabarmentzekoa da ekainaren 17an eta 18an egingo den udako ikastaroa. Juan Sebastian Elkanoren Euskal Herrian barna bidaia du izena, eta haren helburua izango da espezien bila joateko espedizioan joandakoak eta lehorrean geratu zirenak nola bizi ziren jakitea. Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian emango dute eta, horrez gain, garai hartan aditu diren historialariak lagunduta zenbait leku bertatik bertara ezagutuko dituzte parte hartzaileek, hala nola Getaria, Aiako Agorregi burdinola eta Oria ibaia.
Urriaren 7tik 10era bitartean, Donostiako San Telmo museoan Mitoaz eta epopeiaz harago: Euskal Herria eta MagallanesElkano espedizioa lehen globalizazioaren testuinguruan Nazioarteko Biltzarra izango da. Euskal Herriko hizlariez gain, Espainiako, Portugalgo, Filipinetako, Kanadako, Mexikoko eta Ekuadorreko hizlariak izango dira eta, besteak beste, gai hauek landuko dituzte: historia hezkuntza mundu globalizatuan, genero ikuspegia historiaren irakaskuntzan, pedagogia dekoloniala eta euskal diaspora Aro Modernoaren hasieran.