Nelson Aguilera: "Ez dago elkarrekin topo egitea baino gauza humanoagorik"

Maria Maya Manterola 2020ko ots. 13a, 09:59

Antropologo txiletarra Getarian izango da gaur, Mundubiraren Uberaren eskutik. ‘Tras el primer encuentro’ izenburupean hitzaldia emango du; kultur aniztasuna izango du hizketagai.

Nelson Aguilera antropologo txiletarra Getarian izango da gaur, Mundubiraren Ubera ekimenaren barruan antolaturiko hitzaldia eskaintzen. Tras el primer encuentro izenburupean, kultur aniztasunaren inguruan arituko da Aguilera, 19:00etatik aurrera Iturzaetako aretoan. Martxelo Otamendik izango du saioa dinamizatzeko ardura. Saioa gazteleraz izango da.

Jatorrizko herrien eta gizarte menderatzailearen artean sortutako harremanak izango dituzu hizketagai solasaldian.
Patagoniako herrialde indigenen inguruan hitz egingo dudala esaten dudanean, indigenen inguruan soilik hitz egingo dudala espero da askotan, eta horixe da, hain zuzen ere, egingo ez dudana. Jatorrizko herrien edota herri minorizatuen eta gaur egungo gizartearen arteko alde horren gainean dudan ikuspegia partekatu nahi dut. Europako ikuspuntua landuko dut, herrialde basatiak eta primitiboak bezala hartuak izan ziren horiek ardatz hartuta. Hainbat prozesu sozialen inguruan arituko naiz, gaur egungo gizartera nola heldu garen ulertu ahal izateko. Hala, indigenen eta europearren lehenengo kontaktu horren ondoren gertatu zena aztertuko dugu.

Zein irakaspen jaso behar ditugu iraganetik?
Bere historia ezagutzen ez duen herri bat historian izandako akatsak errepikatzera kondenatua dago. Behin hori esanda, duela bost mende gertatutako elkartze hori oroitu beharko genuke. Norberak bere aniztasunean, elkar ezagutzeko gai izatea ahalbidetu zuen topaketa horrek, azken finean.

Ez dago elkarrekin topo egitea bezain gauza humanoagorik: mugitzea, bidaiatzea, migratzea, elkarrekin topo egiteko. Funtsez humanoa da.

Zein pertzepzio duzu Joan Sebastian Elkanoren figuraz?
Esanguratsua dela esango nuke, munduari bira eman zion lehen espedizio horren parte izan zen aldetik. Berak gidatu zuen espedizioaren amaiera, zoritxarrez, hamalau nabigatzailek izan baitzuten aukera bidaia amaitzeko.

Patagoniako historiaren narratibaren garapenean figura garrantzitsua izan da. Punta Arenas hirikoa naiz ni, Magallaes itsasarteko erdialdeko hiri batekoa. Hau guztia gure historia garaikidearen parte da. Gure historia intimo eta pertsonal hori izango dut hizpide solasaldian.

Menderatzaile bat iruditzen zaizu, edo goraipatu beharreko pertsonaia bat?
Alde batetik, legenda beltzaren hatzaparretan erortzen da; bestetik, patroi figuratiboetan. Lehen esan bezala, esanguratsua iruditzen zait. Kontuan hartu beharra dago misio horiek esplorazioa zutela helburu, eta ez konkista. Beraz, herrialdeak inbaditu zituen konkistatzaile handi horren figurak ez digu balio kasu honetan. Are gehiago, Patagonian, jazoera larrienak XIX. mendean gertatu zirela esango nuke.

Beraz, esanguratsua dela esango nuke; nabigatzaile bezala ez ezik, baita gizaterian eman zituen aurrerapausoengatik ere. Globalizazioarekin lotutako prozesuen hasiera aipatu genezake. Zirkumnabigazio honi esker, mundua leku txikiago eta irisgarriago bat bihurtu zen guztiontzat.

Batzuentzat ekintza salagarriak bihurtu dira gaur egun garai batean balentriak izan zitezkeen horiek.
Lehen esan bezala, legenda beltzarekin lotutako kontuak iruditzen zaizkit horiek. Nik, pertsonalki, nahiago dut gertakarietara mugatzea. Salagarriak, kritikagarriak, eztabaidagarriak... izan daitezke, eta eztabaida eragin dezakete, dudarik gabe.. Sinergiek bat egin eta urteurrena nola probestu dezakegun, hor dago gakoa. Fernando Magallaes eta Joan Sebastian Elkano ez dira Patagoniako herrialde indigenen desagerpenaren erantzuleak. Halaber, segur aski, bukaeraren hasiera da beren espedizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide