Euskara Plana osatu du Getariako Udalak, datozen urteetan garatzeko

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 7a

Euskara ardatz hartuta, norbanako eta eragileekin elkarlana sustatu nahi du udalak. Plana aurrera eramateko, hainbat ikerketa eta kale neurketa egin dituzte.

Euskararen erabileran eragitea helburu, datozen hiru urteetarako Euskara Plana garatu du Getariako Udalak. Hainbat ekintza proposatzen ditu planak, eta ekintza horien eragin guneak zein ezaugarriak askotarikoak badira ere, oinarrian filosofia bera dute: euskara ardatz hartuta, norbanakoekin eta eragileekin elkarlanean aritzea.

Plana osatzeko, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak, kale erabileraren neurketak eta hirugarren sektoreko zein gurasoen arteko ikerketak baliatu dituzte. Kale erabileraren azterketaren datuen arabera, Getariako kaleetan %76ek hitz egiten dute euskaraz. 2019ko urrian eta azaroan jaso zituzten datuok behaketa zuzenaren bitartez, eta aurreko neurketekin alderatuta, datu orokorra mantendu egin dela baieztatu ahal izan dute –2014ko eta 2005eko ikerketetan emaitza bera jaso zuten–. Ordea, adinaren arabera segmentatuz, neurketan joera ezberdinak ageri dira: haurren eta gazteen artean, euskararen erabilera beheraka doa, baina helduen eta adinduen kasuan joera goranzkoa da.

Hirugarren sektoreari lotutako 30 gunetako ordezkarien bitartez ere neurtu ahal izan dute erabilera. Errotuluak eta ordutegiak, nagusiki, euskaraz daude Getarian, eta lehen hitza euskaraz egiten dute hamar pertsonatik zazpik; datua ona izan arren, zer hobeturik badela uste dute. Izan ere, negozioen erdiek dituzte euskaraz menuak, katalogoak edota prezioen zerrendak.

Iturzaeta Herri Eskolak ere jarri du bere aletxoa erabileraren inguruko neurketa egiteko, gurasoek bete duten galdetegiaren bidez. Era horretan, hizkuntzen inguruko pertzepzioaren eta kezken berri izan du udalak, eta haren arabera, kezka nagusi bat nabarmendu da: haurrak ia erabat euskara hutsean aritu dira urte askoan, baina gaur egun, horien artean gaztelania entzutea ez da arraroa. Eustateko datuek ere joera hori berresten dute; datuei erreparatuta, Getariako etxeetan euskararen erabilerak beheranzko joera duela ikusten da.

Datu horiek guztiak jaso ondoren, alorrez alor eragileekin eta herritarrekin elkarlana garatzeko bideari ekingo dio udalak. Alde batetik, haurrekin eta gurasoekin motibazioaren eta hizkuntzarekiko leialtasunaren alorrean lanketa egingo dute. Bestetik, hirugarren sektorearekin ere egingo du lanketa: Getaria markaren benekotasunari lotuta, hizkuntzaren erabileraren alorrean lan egingo du, hain zuzen ere. Getariara bizitzera joaten direnak ere izan dituzte gogoan, euskararekiko motibazioa landu eta ezagutzaren eta erabileraren alorrean pausoak eman ditzaten. Horretaz gain, turismoa eta euskara uztartzeko lanketak ere egingo dituzte. Hizkuntza portaeretan eragiteko bestelako proiektuak ere jaso dituzte planean; hala nola, Euskaraldia.

Euskarak eta Getariak bidea elkarrekin egiten jarraitu behar dute, Getariako Udalaren arabera: "Biek ala biek dute elkarrekin irabazteko, euskararen ezagutzaren eta erabileraren bidez Getariak euskararentzako arnasgune izaten jarrai dezan, eta getariarren arteko kohesiorako eta Getaria markarako euskara getariarren arteko komunikazio hizkuntza izan dadin".

Udalbatzak aho batez onartu du euskara plana
Urtarrileko ohiko udalbatzarrean aho batez onartu zuten Getariako Euskararen Plan Orokorra 2020 – 2023. Emun ahokularitza enpresa arduratuko da euskara plana gauzatzeaz. Lehenbiziko urratsa lanketa horiek nola garatu erabakitzea izango da, lehentasunak zehazteko.

Hala, aurten zein ekintza garatu zehaztuko dute hurrengo asteetan. EH Bildu eta EAJ plana bera ebaluatzeaz arduratuko dira, elkarlanean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide