Urte berezia izango da 2020a Getariako Cristobal Balentziaga Museoan. 1895ean jaio zen jostun ezaguna, eta haren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, programa berezia prestatu dute. Aurtengo urtea "inflexio puntua" izatea nahi dutela adierazi du Miren Vives fundazioko zuzendariak, urteko programaren berri emateko egin duten prentsaurrekoan.
Aditzera eman dutenez, aste batzuetarako itxi egingo dute museoa gaurtik aurrera, eta tarte hori aprobetxatuko dute erakusketa berria behar den bezala atontzeko. Etenaldiaren ostean, otsailaren 29an zabalduko ditu ateak museoak berriro, eta egun horretatik aurrera ikusgai egongo da Moda eta Ondarea sailaren hirugarren eta azken erakusketa: Cristobal. 2018tik sail horren barruan egindako bi erakusketetan bisitariei helarazi nahi izan diete getariarrak sortutako jantziek izan duten garrantzia eta ondare izaera. Hirugarren horretan, berriz, sortzailea bera izango da erakusketaren ardatza: "Ez dugu Balentziagaren bizitza deskribatu nahi; aitzitik, beti itzalean, gortinaren atzean, tailerretan gordeta egon zen gizonaren bilakaera gogoratu nahi dugu", azaldu du Igor Uria erakusketaren komisarioak. Instalakuntza berria ekainaren 22ra arte egongo da ikusgai.
Cristobal erakusketa amaitutakoan, uztailaren 15etik aurrera, erakusketa berri batek hartuko du museoa. Hain zuzen, Azzedine Alaïa moda diseinatzaile tunisiarraren bilduma pribatuko Balentziagaren piezak izango dira Getarian. Erakusketa Oliver Saillard modako erakusketen komisario ezagunak zuzenduko du. Alaïarentzat "eredua" izan zen Balentziaga, eta museoko arduradunek azaldu dutenez, "bi moda sortzaileek oreka perfektua zuten neurriei eta bolumenei zegokienez". Alaïaren bildumako 80 pieza inguru aurkeztuko dituzte Parisko Azzedine Alaïa Elkartearen egoitzan urtarrilaren 20tik ekainaren 28ra. Gero, erakusketa hori bera Getariara ekarriko dute, baina Parisen ikusgai jarriko ez dituzten hainbat pieza ezezagun izango dira.
Museoko arduradunek Balentziagaren inguruko ikerketa "sustatzea" ere badute erronkatzat aurten, eta horri erantzunez, Cristobal Balentziaga Nazioarteko I. Biltzarra egingo dute urriaren 1ean eta 2an. Egitasmoa modari buruzko mundu akademikoari zuzenduta egongo da. Dagoeneko ikergai izan daitezkeen 40 proposamenetik gora jaso dituzte, eta laster jakinaraziko dute antolatzaileek proposamen horietatik zeintzuk izan diren hautatuak biltzarrerako.
Erakundeen babesa
Agerraldian izan dira Denis Itxaso Kultura diputatua eta Bingen Zupiria Kultura sailburua, eta azken horren arabera museoa babesten duten erakundeentzat "garrantzitsua" da 2020a. Urteari aurre egiteko ezarri dituzten helburuetako bat da museoa "erreferente" bihurtzea. "Horretarako beharrezkoa da erakusketak edukitzea, baita nazioartean aliantza estrategikoak garatzea ere modaren munduko erakundeekin", azaldu du sailburuak.
Balentziagako bisitak, gorantz
54.000 bisitaritik gora izan ditu Cristobal Balentziaga museoak 2019an. Bisitarien kopurua hazi egin da bosgarren urtez jarraian. Gehiengoa atzerritik etorritakoa da. Horrez gain, egiten diren asetasun inkesten arabera, Balentziagaren balorazio «ona» egin ohi dute bisitariek: 5 puntutik 4,7.
Museoak 64 pieza jaso ditu dohaintzan 2019an, eta arduradunek aditzera eman dutenez, pieza "anitzak eta kalitatezkoak" dira. "Izan ere, gaueko soinekoak, eguneko konjuntoak eta osagarriak daude, baita dokumentazioa ere".