Ostegunean hasiko da San Anton jaien egitarau nagusia. Eskuz binakako pilota partida jokatu zen ostiralean, eta ostegunean jarraipena emateko prest daude getariarrak. San Anton eguneko txakolin uzta berria ere dastatzear dago. Aurten, Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte izango dira omenduak. A Bocados ETB2ko telebista saioko aurkezleak.
Txakolinaren uzta berria
Getariako Txakolina jatorri izenak ostiralean aurkeztuko du 2019ko uztako txakolina, San Anton egunez. Frontoian izango da aurkezpena eta aurtengo uztaren kalitatea oso ona dela jakinarazi dio Getariako Txakolina elkarteak HITZAri. Bildutako uztarekin (3,4 miloi kilo), 3,1 miloi botila merkaturatzea espero dute.
Bestalde, gehitu dute, klima arrazoiak direla eta, aurten bildutako uzta kantitatea iazkoaren berdintsua izan dela, baina normalean baino baxuagoa.
Aurtengo omenduak Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionista izango dira, A Bocados ETB2ko programako aurkezleak, bertako produktuekin eginiko gastronomia osasungarria bultzatzeagatik. Emilio Ostolaza, jatorri izenaren elkarteko presidenteak emango die Mahasti Jaun saria bikoteari ostiral goizean. Aldi berean, erakunde publikoetako zenbait ordezkari ere izango direla aurreikusten dute: Bittor oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea), Xabier Arruti (Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusia), Peli Manterola (Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria) eta Iker Goiria (Kanpo Harremanetako Zuzendari Nagusia), besteak beste.
Getariako Txakolinaren jatorri deituran 33 upategi badaude ere izena emanda, aurkezpen egunean 21 izango dira parte hartuko dutenak. Upategi batzuk botilaratze prozesua hasteko dute eta.
Horrez gain, uzta berriaren dastaketarekin batera, bertako produktuak jateko aukera egongo da: gazta, antxoak...
EGITARAUA