San Anton jaien bueltan pilota jaialdia antolatu du Gure Txeru elkarteak. Hilaren 10ean izango da 22:00etan hasita, Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Pasa den urtean bezala, bi partida izango dira. Alde batetik, bigarren mailako txapelketako partida jokatuko dute Peñak eta Arangurenek Alberdi eta Salaberriren aurka. Pilota elkartetik nabarmendu dutenez, "partida benetan erakargarria" izango da. Izan ere, "Peña eta Alberdi aurrelariek, azken lau t'erdiko promozio finala jokatu zuten". Gero, lehen mailako partida nagusia izango da, eta Artola eta Imaz Laso eta Albisuren aurka arituko dira. "Artolak eta Imazek 3tik 3ak irabazita ekin zioten txapelketari, eta Lasok eta Albisuk ere bikote sendoa osatzen dute. Beraz, pilota ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izango da Getarian".
Gure Txeru elkarteko kideak "gustura" dira sanontonetarako antolatu duten jaialdiarekin. "Iaz ere antolatu genuen txapelketa, eta herritarrek erantzun bikaina izan zuten. 550 ikusle inguru bildu ziren Sahatsaga pilotalekuan, eta horietatik hiru laurdenak getariarrak ziren. Hala, Getariarren erantzun paregabeak berriz ere txapelketa antolatzeko indarra eta kemena eman digu", azaldu du elkarteko bozeramaile Xabier Etxanizek. Dagoeneko sarreren erdiak saldu dituzte, eta frontoia betetzea espero dute Gure Txeruko kideek.
Sarrerak salgai daude Getariako turismo bulegoan. Kantxako sarrerek 25 euro balio dute eta harmailetakoek 20 euro.
Pilota zaletasuna sustatuz
Gure Txeru elkartea pilotari gazteekin lan bikaina egiten ari da herrian, eta San Anton Jaietarako antolatu duten jaialdia herritarren artean pilota sustatzeko modua dela uste du Etxanizek. "Iaz txapelketa antolatu aurretik, zazpi urte inguru egon ginen goi mailako jaialdirik antolatu gabe. Guk antzematen genuen herrian bazegoela pilota zaletasuna, eta horregatik erabaki genuen sanantonetan pilota jaialdia antolatzea. Ez genbiltzan oker, jendetza bildu baitzen iaz frontoian".