Irudietan: Harrera ona izan du Getariako San Silbestre berrituak

Aritz Mutiozabal 2019ko abenduaren 31

Planteamendu aldaketarekin antolatu dute aurten Getariako San Silbestre lasterketa. Parte hartzea sustatzeko eta nork bere erronkak gainditzeko helburuarekin, eta, hein batean, sailkapenaren eta irabazteko grinaren gainetik, beste balio batzuk bultzatzeko nahiarekin. Hori horrela, helduen ohiko probaren aurretik, lasterketa irekia jokatu dute aurten, non nagusiki haurrek eta hainbat gurasok hartu duten parte. Egitasmoak harrera ona izan du, eta korrikalariak gustura ibili dira herriko kaleetan lasterka.

Helduen artean lehia biziagoa izan da, baina izan dira festa giroan atera direnak ere; esaterako, neska kuadrilla bat mozorrotuta atera da Bizar Zuri eta bere oreinez. Oro har, lasterketa irekian eta helduenean, bietan ikusi dira mozorroak, ileordeak eta halakoak. Proba nagusian helmugara iristen lehenak Asier Medina eta Saioa Martinez de Lahidalga getariarrak izan dira, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren.

Garaileak garaile, saririk ez dituzte banatu lehen sailkatuentzat, eta opariak zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean. Era berean, salda eta txorizo pintxoak ere banatu dituzte frontoian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide