Planteamendu aldaketarekin dator Getariako San Silbestrea

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 27a

XVI. San Silbestre lasterketa korrituko dute datorren asteartean, abenduaren 31n, Getarian. Ohikoa den bezala, getariarrek korrika saioarekin emango diote amaiera urteari.

Lasterketa korritzeko bi era izango dira aurten, Getariako Udaletik adierazi dutenez. Batetik, helduen ohiko proba izango da, 16 urtetik gorakoena, eta, bestetik, lasterketa irekia. Emaitzari jaramon handirik egiten ez dion jendeari zuzendutako korrika saioa izango da hau. "Helburua parte hartzea da, eta nork bere erronkak gainditzea. Finean, norbera garaile sentitzea", azaldu dute antolatzaileek. Lasterketak eguerdiko 12:00etan abiatuko dira.

"Planteamendu-aldaketa honen bitartez, sailkapenaren eta irabazteko grinaren gainetik, beste balio batzuk sustatu nahi ditugu", diote Getariako Udaletik, "hala nola parte-hartzea, kiroltasuna, aniztasuna eta enpatia. Inklusibitatearen bidetik, herritar guztiak bultzatu nahi ditugu lasterketan parte hartzera: aniztasun funtzionala duten pertsonak, adinekoak, emakumeak... Emakumeei dagokionez, helduen artean ez dira asko lasterketan parte hartzera animatzen direnak, eta, horregatik, bereziki animatu nahi ditugu, besteei txalo egitetik, besteen txaloak eta animoak jasotzera pasatu daitezen". 

Sariak zozketa bidez banatuko dira lasterketaren amaieran, eta, ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango da parte-hartzaile guztientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide